Olaberriko 1936ko gerra eta lehen frankismoa ikertzeko lana hasi dute
Aranzadi zientzia elkarteak burutuko du ikerketa, eta liburua izango da emaitza, hiru urte barru. Oroimenaren bulegoa zabalduko dute martxoan, testigantzak jasotzeko
Olaberrian 1936ko gerrak eta ondorengo frankismoaren errepresioak zer sufrimendu eragin zuen ikertzeko lanketa hasi dute. 1936tik 1945era arteko epea arakatuko du Aranzadi zientzia elkarteak, Olargi memoria historikoaren herriko talde sortu berriak bulzatuta eta Olaberriko Udalarekin egindako hitzarmenaren bidez. Liburu batean jasoko dituzte jasotako informazioak eta gerraren kontaera, hiru urteko lanaren ondoren.
Ikerketaren helburu nagusia, Aranzadiko Javier Buces historialariak ostiraleko aurkezpenean aurreratu zuenez, Olaberrian gerra eta errepresio frankista jasan zutenak ezagutzea izango da, «izen-abizenekin». «Eta egia bilatzea, lehen gauza egia jakitea baita, gero nazioarteko mahaiak finkatutako beste bi printzipioak, justizia eta erreparazioa, eskatu eta egikaritu ahal izateko».
Hiru zutabetan oinarrituko dute informazio bilaketa, baina garrantzia herritarren testigantzak jasotzeari eman dio Bucesek. «Dena ez baitago artxiboetan. Etxean, norbere oroimenean gorde du jendeak informazio asko. Sarritan, familia-oroitzapenak dira informazio-iturri bakarra, gainera. Hori biltzea oso garrantzitsua da oroimen historikoa berreskuratzeko».
Artxiboak arakatuko dituzte, bestetik, bai herrikoa, bai militarrak zein Elizarenak.
Oroimen bulegoa zabalik
Olaberritarren testigantzak jasotzeko bide zuzena jarriko dute: oroimen bulegoa. Udaletxean egongo da Aranzadiko teknikari bat martxoko astelehen guztietan (10:00-13:00 eta 15:00-18:00). Telefono eta posta elektronikoak ere jarri dituzte eskura, aurrerantzerako ere (943 46 61 42, memoria@aranzadi.eus).
Bulegora edo kontaktu-bideetara jotzeko animatu dituzte Aranzadik eta eragileek herritarrak. «Informazio guztia da erabilgarri. Proiektu hau ondo atera dadin herritarren laguntza behar dugu; testigantzak eta oroitzapenak ezinbestekoak dira».
Udalak, bere aldetik, oroimen historikoaren lanketaren irudi izango den logotipoa ere egin du. Olaberrian bizi den Lorea Isasmendi aretxabaldarrak diseinatu du, eta, arloko ekitaldi guztietan erakutsiko dute.
Martxoan bi hitzaldi
Oroimen historikoaren gaia gizarteratzeko eta sentiberatasuna indartzeko, Kulturaldian bi hitzaldi izango dira. Lehena, Lourdes Herrastirekin, ostiralean 18:30ean da, udaletxeko batzar aretoan: Errepresioa genero ikuspuntutik. Bigarren saioa Iñaki Egañak egingo du, 27an.