Oscar Pereira musikari zumarragarrak Meteoro proiektua abian jarri du
'Songs under the rain' diskoa argitaratu du, Unai Lopetegi, Mikel Lazkano eta Jorge Sanchezekin batera. Diskoa Zumarragako Huts tabernan eta 'meteoromusic.net' webgunean eskura daiteke
Oscar Pereira musikari zumarragarrak Meteoro taldea sortu du eta Songs under the rain diskoa argitaratu du. Disko hau Zumarragako Huts tabernan, meteoromusic.net webgunean eta plataforma digital guztietan eskura daiteke.
Pereira musikazale amorratua da, oso gaztetatik. «Nerabea nintzenean Kote eta Jon Esnaolaren etxera joaten nintzen. Sekulako disko bilduma zuten», gogoratzen du.
Bere garaian hiru musika taldetako kidea izan zen: Ave Rock, Alien eta De Deukans. Azken talde hau Donostiako lehiaketako finalera heldu zen. Ondoren, musika mundua utzi zuen eta argazkigintzan murgildu zen.
Musika mundura Arkaitz Carrascoren eskutik itzuli da. Carrascok informatika musikala irakatsi dio eta Meteoro proiektua abian jartzea erabaki du.
Meteoro Pereiraren umetako heroiaren izena da. Japoniako marrazki bizidun batzuen protagonista da. Marrazki bizidun hauek Estatu espainiarreko telebistan eman zituzten Japoniako lehen marrazki bizidunak izan ziren.
Pereirak (ahotsa, gitarra eta teklatua), Unai Lopetegik (bateria eta perkusioa), Mikel Lazkanok (gitarra solista) eta Jorge Sanchezek (baxua) osatzen dute taldea. «Meteorok post punk-aren eta Erresuma Batuko erromantiko berrien eragina du. U2, The Cure eta The Killers estatubatuarren soinu epikoa du», dio Pereirak taldearen webgunean.
Aspaldiko ametsa
Talde hau sortzea aspaldiko ametsa zuen. «Nire bizitzako proiektua da. Soinu eta esperientzia berria. Zaleekin partekatzeko eta amets egiteko abentura bat da».
Diskoa Meteoro taldeak ekoitzi du. Kantak Zumarraga, Burgos, Tolosa, Donostia eta Usurbilen grabatu dituzte. Grabaketan Lemy River-ek eta Haritz Harreguyk parte hartu dute. Nahasketak azken honek egin ditu, Usurbilgo bere estudioan.
Hamar kanta dira. Maitasunari, bakardadeari, heriotzari, mamuei, gure artean bizi diren aingeruei eta itzuliko ez den denborari buruz mintzo da, besteak beste, abestietan.
Pereirak indarkeriari aurre egiteko, maitatzeko eta amets egiteko eskatzen die entzuleei. «Intolerantzia baztertu eta komunika zaitezte. Batak besteari entzun, atseginak izan eta maitatu».
Diskoa joan zirenei eta bakarrik daudenei eskaini die. «Diskoa inoiz itzuliko ez direnentzat eta bakarrik sentitzen direnentzat da».
Uztailean bideoklip bat grabatzeko asmoa dute eta urtebete beranduago bigarren diskoa grabatuko dute.