Hegaldi baten kronika
Eleberriak bidaiarien pentsamenduen bidez Paristik Bilborako hegaldi bat kontatzen du. «Zenak, denak eta litekeenak sortzen dizkigun buruahusteei buruzko lan bat da»
Erika Elizarik, 2018ko Igartza Literatura Bekaren irabazleak, aurkeztu du bere lana jendaurrean. «Zendabalitz hegaldi baten kronika da. Baina hegazkina aitzakia bat da, funtsean gehiegi pentsatzeari buruz hitz egin nahi bainuen», azaldu du idazle hernaniarrak. «Zenak, denak eta litekeenak edo izan daitekeenak sortzen dizkigun buruhausteei buruzko lan bat da. Hegazkinean bidaiari gehiago doaz, baina nik fokua zazpirengan jarri dut eta euren kezketan». Eleberriak Paristik Bolborako bidaia kontatzen du bidaiarien pentsamenduen bitartez.
«Emaitzarekin pozik» dagoela onartu du Elizarik. Hasieran buruan zuen ideia ongi irudikatu duenaren sentsazioarekin gelditu da buruan zituen pertsonaiak eta tramak mantendu egin baititu. Halere, «hasieran liburuak lotura zuzenagoa izan behar zuen oraina, iragana eta geroarekin, eta orain presente dago baina ez da ardatz nagusia», abisatu du. «Epeek presionatu egin naute, baina lagundu ere bai. Bestela, agian, oraindik ideiei bueltak ematen eta idazten ibiliko nintzateke». «Aitortu behar dut Igartza Sarian izena emateko proiektua azaltzea eskatzen dizutela, eta horrek behartu ninduela ideiari forma txukun bat ematen. Bestela nora zoazen jakin gabe has zaitezke idazten eta saldu duzun ideiatik aldendu».
Elizariren lehen lan potoloa da. Aurretik liburu klasikoak moldatuko ditu Txirri, Mirri eta Txiribitonekin enkarguz, eta telebista eta bideo munduan lan egindakoa da. «Buru barruko elkarrizketak noski egin daitezkeela bideo formatuan, baina liburua euskarri hobea iruditzen zitzaidan».
«’Zendabalitz’ Hegaldi baten kronika da, baina hegazkina aitzakia
bat da. Funtsean gehiegi pentsatzeari buruz idatzi nahi nuen»«Igartza Sarian izena emateko proiektua azaltzea eskatzen dizute,
eta horrek ideiari forma txukun bat ematera behartu ninduen»Erika Elizari
23. deialdia, zabalik
Hernaniarrak asteburuetako telefilmeen ukituak sartu ditu, baita komedia uneak. «Umorea egitea zaila den arren, trama arindu egiten du», argudiatu du. «Norbait telefilma egitera ausartzen bada…», esan du txantxetan Elizarik. «Esan didate tramak antzerki formatuan ongi funtzionatu dezakeela. Ea etorkizunean gidoia garatzeko aukera dudan».
2020ko Igartza Literatura Beka zabalik dago jada. Interesatuek ekainaren 30a baino lehenago aurkeztu behar dituzte landu nahi duten kontakizunaren azalpen laburra, 15-20 orrialdeko idazlanaren lagina eta egilearen datuak. Online bidez eta Beasaingo Udaletxeko erregistro ofizialean aurkeztu daitezke dokumentuak. Hautatuak 6.000 euro jasoko ditu, erdia saritua izatearakoan eta beste erdia lana amaitutakoan. Udazkenean jakinaraziko da irabazlea nor den, eta urte eta erdi izango du ideia gorpuzteko. Irati Goikoetxea izan zen iazko irabazlea.