Gipuzkoa lurralde osorako desafioak aztertu dituzte gaur NBF eraikinean Ordizian
Markel Olano Diputatu Nagusia eta Imanol Lasa Diputatua, eskualdeko enpresa eta politika ordezkariekin bildu dira.
Goierriko eta Gipuzkoako erronkak aztertzeko lan saioa egin dute gaur Goierri Berrikuntza Gunean, Goiekiren New Business Factory eraikinean, Ordizian. Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Imanol Lasa Ekonomia, Sustapena, Turismo, eta Landa Inguruneko diputatua, eskualdeko enpresa nagusietako arduradunekin, gizartegintzan diharduten elkarteetako hainbat ordezkarirekin, eta Beasain, Lazkao eta Olaberriko alkateekin bildu dira. Foru Aldundiak legealdi honetarako bide orria aurkeztu du: «Legealdi hasieratik egin dugun planteamendu oso anbiziotsua aurkeztuko dugu, uste dugulako, Gipuzkoak eredu propioa daukala bai arlo sozialean eta ekonomikoan, eta eredu hori indartzeko eta defendatzeko ahalegin handia egin behar dugu».
Jarraian, Goierri eskualdeko desafio nagusiak aztertu dituzte: «Nagusiki Goierri bailaran zein lehentasun dauden eta ikuspegi sozioekonomikotik zein planteamendu daukaten entzutera gatoz». Gainera, «Goierrik duen pisu industrialagatik, horri buruz ere hitz egingo dugu», izan ere, «arlo ekonomikoan lehiakortasuna sustatzeko eta indartzeko helburu sorta bat» dutelako.
Horrez gain, «gizarte politikak eta elkartasuna» mahai gainean jarri dituzte: «Uste dugu gizarte kohesionatu bat izatea funtsezkoa dela, eta esperientzia aurreratuak garatzeko, elkarrekin egiteko planteamendu bat daukagu».
Goierri eredu
Lan saioa Goiekiko NBF eraikinean egin izanak badu arrazoi bat: «Goiekiren eraikin berri honek esan nahi duena da, bailararen ikuspegitik, Goierri dela Gipuzkoan dinamismo gehien duena, eta ez da ahaztu behar Goierri Valley beraren tresna horrek, punta puntako tresna bat edo ekimen bat ekarri zuela, batez ere, arlo industrialean eta ekonomikoan agenda berdin baten inguruan jartzeko». Elkarlanetik sortutako proiektu hori, «beste eskualde batzuentzat eredu bat» dela gogorarazi du Olanok.