Goierriko atletek 12 domina lortu dituzte Euskadiko Txapelketan
Txindoki eta Goierri Garaia taldeko atletak lanak ondo eginda itzuli dira etxera. Asteburuan Espainiako kros txapelketa jokatuko dute Txindokiko Uxue Ibañezek eta Intza Urrestarazuk
Pista estaliko Euskadiko txapelketa jokatu zen asteburuan Donostian, 16, 18 eta 20 urtez azpiko kategoriatan eta Goierriko atletak lanak ondo eginda itzuli ziren etxera. Txindoki Atletismo taldeko eta Goierri Garaia taldeko partaideen artean 12 domina eskuratu zituzten guztira.
Ordiziako taldeko atletek urrezko bost domina, zilarrezko lau eta brontzezko bi lortu zituzten. 16 urtez azpikoetan Sara Garzia Euskadiko txapeldun izan da pertika jauzian. 2,20 metro egin zuen eta marka pertsonala hobetzeaz gain, kadete mailako errekor berria ezarri zuen. Urrezko domina baita ere, Unai Mendizabalentzat, 600 metroko lasterketan 01:32:33 denbora eginda. 1.000 metroko proban ere domina lortu zuen Mendizabalek, brontzezkoa kasu hortan, 02:50:96 denborarekin. Pisu jaurtiketan zilarrezko domina irabazi zuen Aratz Cendonek, 13,26 metroko jaurtiketa eginda. Zilarrezko domina baita ereNahia Iraolarentzat, 1.000 metroko lasterketan, 03:09:52ko denbora egin ostean. Garazi Etxeberriak berriz 24. postua egin zuen, 60 metroetan.
18 urtez azpiko kategoria, Daniela Holguin Euskadiko txapeldunorde izan zen 60 metroko proban. Nuria Pecharromanek berriz, 33. postua egin zuen. Mutilen artean, Jokin Estarbe Euskadiko txapeldunorde izan zen pisu jaurtiketan, 12,91 metroko jaurtiketarekin.
Azkenik, 20 urtez azpikoetan, urrezko dominak lortu zituzten Leire Tobar ataundarrak, 60 metro hesiak proban, 09:36 eginda, Irenia Apaolaza zeraindarrak 200 metrotan, 25:65 denborarekin, eta Ane Ormazabalek 60 metroko proban, 08:02ko denbora eginda. Proba berean lehiatu ziren Irenia Apaolaza (6. postua) eta Amaia Zeberio (11. postua). Mutilen artean altuera jauzian brontzezko domina lortu zuen Ander Svenssonek.
Goierri Garaia taldeko atletei dagokienez, Maialen Osinaldek brontzezko domina lortu zuen pisu jaurtiketan 9,23 metroko jaurtiketarekin. Nabarmentzekoa baita ere Aiur Lertxundik, Saioa Carranzak, Jon Turradok eta Sofia Mendiak egindako txapelketa.
Espainiako kros txapelketa
Zaragozan jokatuko da asteburuan Espainiako banakako eta erkidegoetako selekzioetako kros txapelketa. Bertan izango dira Txindokiko Uxue Ibañez eta Intza Urrestarazu. Eneko Agirrezabal, min hartuta dago eta ez da Zaragozara joango.