Iparragirreri buruzko ikuskizuna egingo dute asteartean Urretxun
'Iparragirre. Bihotzeko Jose Mari' kontzertu eszenikoa Bilboko Loraldia elkarteak prestatu du. Estreinaldia biharamunean izango da, Bilboko Arriaga antzokian
Bilboko Loraldia kultur elkarteak Iparragirre. Bihotzeko Jose Mari kontzertu eszenikoa prestatu du. Aurre estreinaldia datorren asteartean izango da: 20:00etan, Urretxuko Labeaga aretoan. Sarrerak 19:00etan jarriko dira salgai, 5 euroan. Estreinaldia biharamunean izango da, Bilboko Arriaga antzokian. Estreinaldi hau Loraldia jaialdiaren seigarren edizioko lehen ekitaldia izango da.
Ikuskizun hau Tanttaka antzerki taldearen, Demode Quartet musika laukotearen eta Loraldia kultur elkartearen lankidetzari esker sortu da. Tanttaka zuzendaritza artistikoaz arduratu da, Demode Quartet musikaz eta Loraldia ekoizpenaz eta komunikazioaz.
Gainera, Eusko Jaurlaritzaren eta Urretxuko Udalaren laguntza jaso dute. Udala ekoizpen laguntzailea izan da eta ikuskizuna Iparragirre 2020 programan txertatu du.
Iparragirreren kantak ikuskizunaren erdigunean kokatu dituzte. Urretxuko bardoaren abestiak moldaketa garaikidearen bidez aurkeztuko dira.
Antzezlanari dagokionez, Iparragirreren bizitzan nabarmendu ziren emakumeak izango dira protagonistak: ama, emaztea, Parisen ezagutu zuen sopranoa, Manuela, alabak… Emakume hauek Iparragirreren bizipenak ekarriko dituzte gogora eta euren begirada eskainiko dute. XIX. mendeko gizartea (gerra karlistak, emigrazioa, euskaltasuna…) ezagutzeko aukera egongo da, Iparragirreren bizitzako pasarteen eskutik.
Emakumeek Iparragirreri bidalitako eskutitzek osatuko dute aktoreen testua. Fikziozko eskutitzak dira eta idazki guztien artean Urretxuko olerkariaren bizitzako puzzlea osatuko da.
Hiru emakume arituko dira aktore eta kantari lanetan: Joli Paskualena, Ainara Ortega eta Ane Gabarain. Iparragirreren aulkian, berriz, Angel Unzu gitarra-jotzailea eseriko da. Aktoreek Iparragirreri bidalitako gutunak antzeztuko dituzte eta bere kantak abestuko dituzte. Unzuk musika jarriko dio ikuskizunari, zuzen-zuzenean. Denek Fernando Bernuesen zuzendaritza artistikoaren gidaritzapean lan egin dute. Eskutitzak, berriz, Aizpea Goenagak, Arantxa Iturbek eta Iñigo Legorburuk idatzi dituzte. Abiapuntua Legorbururen Ameriketatik eskutitz saritua izan da.
Ikuskizuna Bilboko Arriaga antzokian aurkeztu zuten. Ekitaldian Paskualenak, Bernuesek, Amaia Ocerin Loraldiako komunikazio arduradunak eta Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak parte hartu zuten.
Kale antzerkia
Astelehenean Iparragirre 2020 programarekin lotutako beste aurkezpen bat egongo da: Euskal Herria Kantuz eta Lekaio elkarteek Iparragirre kale-antzerkia kantuz ekitaldia prestatzen ari dira irailerako eta astelehenean herritarrei aurkeztuko diete. Izan ere, ekitaldi honetan herritar guztiek parte hartzea nahi dute. Aurkezpena Urretxuko udaletxeko atarian izango da, 19:00etan.
Iparragirre kale-antzerkia kantuz ekitaldiaren helburua Urretxuko seme kuttunaren kantak abestea eta Euskal Herriko historiaren zati bat gogora ekartzea da. Horretarako, herritarrak XIX. mendeko urretxuarrak bezala jantziko dira eta beraien ofizioak antzeztuko dituzte. Asteleheneko aurkezpenera joaterik ez dutenek, iparragirrekantuz@gmail.com helbide elektronikora idatzita edo 669 546 357 telefono zenbakira deituta jarri daitezke harremanetan antolatzaileekin.
Hauek ez dira Iparragirreren inguruko antzezpen bakarrak izango. 20an, 20:00etan, Angela, Iparragirreren bertso librea lana estreinatuko dute Labeaga aretoan. Aktoreak Asier Hormaza, Sol Maguna, Iñigo Gastesi eta Amorante dira.