Legebiltzarra Goierriz ia huts
Apirilaren 5eko EAEko bozetako hautagai zerrendak aurkeztu dituzte. 14 goierritar ageri dira, sei alderdiren ilaretan. Bakarra dago zizeilua lortzeko moduko postuetan
Lurraldeetako Hauteskunde Batzordeek atzo argitaratu zituzten apirilaren 5eko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztu diren zerrendak. Gipuzkoan 13 talde lehiatuko dira, Araban 14 eta Bizkaian 15. Denen artean, 14 goierritar daude. Oraingo indar banaketen eta inkesta-aurrerapenen arabera, bakarrak lortuko luke EAEko parlamentuan sartzeko babesa.
Goierritar hautagaiak sei alderdiren izenpean joango dira, Gipuzkoan 13 eta Araban 1 (Belen Arrondo ataundarra). Eskualdeko gehien duen alderdia Equo Berdeak da, lau hautagairekin. PSE-EEk hiru ditu, EAJk eta Elkarrekin Podemosek bina, eta EH Bilduk eta PPk bana.
Herrika, Legazpikoak lau dira, Beasaingoak eta Zumarragakoak hiruna, Ordiziakoak bi, eta Urretxukoa eta Ataungoa bana.
Aukerekin
EH Bilduko Eraitz Saez de Egilaz beasaindarra da legebiltzarkide izateko aukera duen ia bakarra. 8. postuan doa Gipuzkoan, eta zizeilu kopuru horixe lortu zuen alderdiak 2016an. Aitor Aldasoro beasaindarra 11. dago EAJn (9 eduki ditu Gipuzkoatik).
Bukatu den 11. legealdian (2016-2020), hiru goierritarrek hasi zuten agintaldia Legebiltzarrean: Luke Uribe-Etxeberria eta Garbiñe Mendizabal EAJkoek, eta Miren Larrion EH Bildukoak. Inork ez du bukatu, Espainiako Senatura, Gipuzkoako aldundira eta Gasteizko Udalera joan zirelako, Legebiltzarra utzita.
HAUTAGAI GOIERRITARRAK
· EAJ. 11. Aitor Aldasoro (Beasain), 25. Markel Olano (Beasain).
· EH Bildu. 8. Eraitz Saez de Egilaz (Beasain). Arabatik 24. Belen Arrondo (Ataun).
· Elkarrekin Podemos-IU. 20. Ines Benitez (Zumarraga), 24: Mila Sukia (Ordizia).
· Equo-Berdeak. 2. Alberto Bezunartea (Legazpi), 7. Oroitz Agirre (Urretxu), 10. Monica Monteagudo (Legazpi), 22. Elvia Maldonado (Legazpi).
· PP-Ciudadanos. 11. Begoña Pereira (Zumarraga).
· PSE-EE. 12. Nerea Errasti (Zumarraga), 17. Oscar Valbuena (Legazpi), 23. Iñaki Dubreuil (Ordizia).