Neguko seigarren elurtearekin, Goierri zurituta
Negu gogorra izan zen 2005ekoa, aspaldian egin ez duen bezalakoa. Seigarren hotzaldiak Goierri zurituta utzi zuen atzera ere. Goierriko Hitzak Bai Euskarari ziurtagiria jaso zuen egun berean.
Aspaldian ez omen du lehengoak bezalako elurterik egiten; kaleko elkarrizketetan askotan entzuten den esaldia da. Duela hamabost urte, ordea, ez zen halako konturik. Negu gordina egin zuen, eta elurrak behin baino gehiagotan egin zuen bisita, Goierriko gailurretara ez ezik, baita herriguneetara ere. Neguko seigarren hotzaldia zela jaso zuen Hitzak gaur hamabost urte, eta elurrak zuritutako kale eta paisaiak erakutsi zituen.
Egun berean, Goierriko Hitzak Bai Euskarari ziurtagiria jaso zuenaren berri ere eman zuen egunkari honek, Gipuzkoako eta Bizkaiko beste bost Hitzekin batera. Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak eman zien ziurtagiria, sei egunkarietako zuzendariei, Donostiako Kursaalen egindako ekitaldian.
Ormaiztegin, Mohamed Salem Hach Embarek Fronte Polisarioko kidea omentzeko ekitaldia prestatzen ari ziren. Euskal Fondoak, Euskadiko SEADen Lagunen Elkarteak eta Ormaiztegiko Udalak antolatu zuten ekimena. Bi hilabete lehenago hil zen Hach Embarek, gaixotasun baten ondorioz. Haren lana eta ibilbidea gogoratu nahi izan zituzten ekitaldi harekin.