Elkarlana oinarri duen aurrekontu proiektua egin du Ordiziako udal gobernu taldeak
Ordiziako EH Bilduk eta Ordizia Orainek elkarlanean osatu dute 2020 urterako aurrekontu porposamena. Martxoaren 16an landuko dute, udalbatzaren osoko bilkuran.
Ordiziako Udal Gobernuak 15.614.380,62 euroko arrekontu proposamena eramango du martxoaren 16rako deitu duten ez ohiko udalbatzara. Ordizia Orainekin batera aritu dira lanean, beraz, bi taldeen ekarpenak batzen ditu aurrekontu proiektuak. Gainera, herritarren parte hartze prozesutik jasotako ekarpenak ere gehitu dituzte. Adur Ezenarro alkateak ondorengoa nabarmendu du: «Agintaldia hasi dugun unetik, guretzat, lehentasuna izan da aurrekontuak aurrera ateratzea. Ordiziaren egonkortasuna eta garapena bermatuko duen proiektua da bi alderdiok aurkezten duguna, eta horretarako, lanketa zabala egin dugu, ordiziar guztien iritzia kontuan hartuko duten aurrekontuak izan daitezen».
2020 urterako aurrekontu proposamena udalbatzatik pasatzeko egun gutxiren faltan, gainerako alderdien eskuetatik ere pasa da proiektua, ekarpenak egin ditzaten.
Elkarlanaren emaitza den proiektua, 2020 urterako aurrekontu proposamena izateaz harago, «datozen lau urterako estrategiaren barnean kokatzen da, 2019-2023 agintaldi planaren abiapuntua izango delarik». Plan horrek «erabateko garrantzia izango du, urte batetik bestera jarraituko diren lan ildoak ezartzen dituelako».
Apirilaren 5ean egingo diren Eusko Legebiltzarreko hauteskundeek «agintaldi planaren aurkezpena atzeratzera behartu» dituela esan du Ezenarrok. «Udal Gobernu honek ez du inertziaz jokatuko; etorkizuneko Ordizia eraikitzea da gure helburua, eta plan horretan oinarrituko gara datozen urteetan».
Herritarren beharrak
Udal Gobernuak programa izan du abiapuntu, baina horrez gain, «herritarren iritziak eta proposamenak jasotzea beharrezkotzat jo» dute. Herriko zazpi auzoetan eta Ordiziako hainbat esparrutako eragilerekin bilerak egin dituzte, haien iritziak jaso, herritarren beharrak identifikatu eta proiektuan horri erantzun bat ematen saiatu dira: «Egindako ekarpenek isla zuzena dute martxoaren 16an onartzera daramagun proiektuan».
Inbertsio «anbiziotsuak»
Inbertsioen atal «anbiziotsua» iragarri dute. Hiru milioi euro bideratuko dituzte «non pertsonen bizitza hobetzeko azpiegiturak egiteaz gain, pertsonengan inbertitzea den helburua».
Inbertsioen zati bat azpiegitura eta udal eraikinak eraberritzeko bideratuko dute: kaleak eta espaloiak eraberritzeko; Majoriren eraberritzerarekin jarraitzeko; urbanizazio proiektuetarako; eta irisgarritasuna hobetzeko, besteak beste.
Pertsonetara ere bideratuko dute zati bat: eguneko arreta zentroa egiteko; etxez etxeko laguntzak handitzeko; heziketa eta parte-hartzea sustatzeko; hiri hezitzailea proiektua berritzeko; hezkuntza mahaia sortzeko; eta parkeen eraberritzerako.
Gainera, klima larrialdiari erantzun bat emango diote, udal eraikinen energia auditoriekin eta beste hainbat ekintzekin.