Mutiloako Udalak 954.000 euroko udal aurrekontua du aurten
Errotatxon obrak egiteko diru laguntza jaso du udal gobernuak; igogailua jarri eta isolatzeak egingo dituzte. Lursailen digitalizazioarekin ere amaitu nahi dutela azaldu du alkateak
Mutiloako Udalak 2020. urterako udal aurrekontua onartu du. 954.000 euro izango ditu aurten. Iaz baino 378.000 euro gehiago izango ditu itsulapikoak 2020an, 2019an 576.000 euro izan baitzituen. Iñaki Ugalde alkateak adierazitakoaren arabera, jasotako diru laguntzak direla eta handitu da kopurua.
Hainbat proiektu dituzte abian: Errotatxoko eraikinean lanak egingo dira eta, besteak beste, baserribideak hobetzeko obrak egin eta langak jarriko dira. Errotatxo izango da 2020ko proiekturik edo lanik «potenteena». Hala azaldu du Ugaldek: «Honetarako laguntza batzuk jasota daude, Espainiako Ministeriotik eta baita Eusko Jaurlaritzako Kultura sailetik», babestutako eraikina baita Errotatxo.
Diru laguntzetatik, zati handi bat gari errotaren eraikinerako bideratuko dute: «2020an 80.000 euroko aurrekontua gorde da proiektu honetarako», jakinarazi du. Plantak emanda daude, barruko lanak egitea falta da orain: «Igogailua jarri behar da, isolatzeak jarri behar dira, eta elektrizitate eta iturgintza kontuak egiten hasi nahi da». Kanpoaldean ere aldaketak egin behar direla eman du aditzera: «Errota martxan dago, baina egokitzapen batzuk behar ditu oraindik».
Lanak baserri bideetan
Ez da proiektu bakarra izango. Aurrekontuaren beste partida bat baserri bideetarako gorde dute: «Baserri bideen konponketak egin behar dira; horrekin jarraituko dugu». Gehitu du baserribide horietan ere langa batzuk jarri nahi direla. Mendi publikoan lanak egin nahi ditu udalak, eta horretarako aurrekontuen beste zati bat gorde da. Bestalde, lursailen digitalizazioarekin bukatu nahi dutela adierazi du Ugaldek: «Lursail bakoitzeko mugarriak zehaztuko dira».
Gazteen ekintzetarako ere beste partida bat gorde dute: «Gazte lokalean inbertsio txiki bat ere egin nahi dugu».
Bizi Mutiloaren emaitzak
Azarotik urtarrila bitartean parte hartze prozesu bat egin zen, herrian egin daitezkeen proiektuetarako ekarpenak egin zitzaten mutiloarrek. «Orain ekarpenak jasoko ditugu, horri buelta bat eman eta herritarrei deboluzioa egingo zaie; proiektu batzuk baliteke gauzatu ezin izatea».
Badaezpada aurrekontuaren partida bat egunerokotasunean sortu daitezkeen arazoei aurre egiteko gorde da: «Herrian zerbait dagoenerako, mantenimendu kontuetarako», esan du alkateak. Festetako eta azoketarako ere beste partida bat izango dute.