Udaberri Kulturalaren egitaraua asteburuan hasiko da
Lau hilabeteko epeko kultura eskaintza eta egitaraua ondu du Gabiriako Udalaren Kultura Batzordeak, herriko eragileekin eta elkarteekin batera. Udaberri Kulturala bihar hasiko da —lehengo igandean berez, rallyesprintarekin—, eta ekainaren 20ra arte 24 ekitaldi izango dira.
Martxoaren 8aren asteburuan, Agirin berdintasun taldeak antolatuta, bihar 35 huts antzezlana ikusi ahalko da, 18:00etan, elizako saloian. Esti Curiel da aktorea, eta Miren Gojenola zuzendaria. Aitziber Garmendiak ere parte hartu du testua idazten. Etzi, M-8ko aldarrikapen eguna izango da.
Datorren astean, Amets Artzallus gonbidatuko du Irakurle Txokoak. Miñan liburua irakurri dute, eta hartaz jardungo dira egilearekin, ostegunean (19:00).
Gazte eguna eta bertsoak
Martxoko eskaintza borobiltzeko, V. Gazte Eguna martxoaren 14an ospatuko dute gazteek, eta Banda Txikiak kontzertua joko du biharamunean elizan.
Bertsolari gazteen Goierriko sariketa sorta Aztirian hasiko da, martxoaren 28an.












