Artisau talde batek denda ireki du Urretxuko Iparragirre kalean
Urretxuko Udala lokalak berritu eta elkarteei uzten ari da, alde zaharra biziberritzeko planaren barne. Uda aurretik Iparragirre kaleko arkupea txukunduko du
Urretxuko alde zaharrak gainbehera pairatu du azken urteetan eta udala herriko gune hau biziberritzeko lanean ari da. Besteak beste, lokal zaharrak berritu eta herriko elkarteei eskaintzea erabaki du. Iparragirre kaleko 12. zenbakikoa herriko emakume artisau talde baten esku utzi du eta Iparragirre 8koa merkatariei utziko die. Hauek bilerak eta ikastaroak egiteko erabiliko dute, besteak beste.
Bi lokal hauen jabeek doan utzi dizkiote udalari, zaharberritzearen truke. Jabe gehiago lokalak uzteko prest daude eta hainbat elkartek lokalak eskatu dituzte dagoeneko. Artisauen lokalaren inaugurazioa ostiral arratsaldean izan zen. Ekitaldian herritar askok parte hartu zuten.
Artisau taldea Edurne Pozueta, Eli Tapiolas, Ana Alvarez de Arkaia, Mireia Garcia, Evelyn Carrasco eta Elena Fernandez de Arangizek osatzen dute. Herriko gainontzeko artisauek ere taldeko kide izateko aukera dute.
Pozuetak bitxiak eta artilezko lepokoak egiten ditu, Alvarez de Arkaiak altzariak berritzen ditu, pomadak eta xaboiak egiten ditu eta kakorratz ikastaroak ematen ditu, Carrascok objektuak bere marrazkiekin apaintzen ditu, Fernandez de Arangizek poltsak, diru-zorroak eta estutxeak egiten ditu eta Tapiolas eta Garciak ikastaroak ematen dituzte. Lehen ikastaroak asteburuan egin dituzte, lokalaren atzealdean dagoen gela batean.
Denda ostiral arratsaldetan, larunbat eguerditan eta larunbat arratsaldetan irekiko dute. Bisitariak etortzen direnean ere irekiko dute. Aurten, Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena dela eta, inoiz baino autobus gehiago etortzea espero da. Autobus bat heltzen den bakoitzean ere denda irekiko dute.
Iparragirre 12ko lokala alde zaharra biziberritzeko proiektuaren barruan berritu eta ireki dute. 2018an Merkataritza Biziberritzeko Plan Berezia lantzen hasi ziren eta, diagnostikoaren arabera, alde zaharreko lokalen %65 itxita dago. Beste herri askotan bezala, alde zaharra husteko arriskua dago.
Urretxuko Udalak urte batzuk daramatza dagoeneko huste horren aurka borrokan. Azken urteotan Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza sailaren hainbat diru-laguntza lortu ditu. 2016an 21.700 euro lortu ziren, 2017an 27.000, 2018an 150.000 eta iaz 131.000. Azken bi urteetan Urretxuk lor dezakeen laguntza handiena lortu du.
Aurten Iparragirre kaleko arkupea berrituko dute. Baldosa ez irristakorrak jarri, argiteria berritu eta zutoinak eta sabaia margotuko dira. Bestalde, sabaian Iparragirreren partiturak margotuko dituzte. Gainera, denden sarreran zorua gorriz margotuko da, jendeak dendak non dauden argi ikus dezaten eta sar daitezen. Obra hau uda aurretik egingo da. Gainera, arkupe honetan, plazara ematen duen lokal batean, maskotak garbitzeko denda bat irekiko dute.
Iparragirre plaza
Urretxuko Udalak Iparragirre plaza berritzeko asmoa ere badu. Egunotan plazaren azpian dauden garajeetara sarrera berria egiten ari dira eta aurrerago kultur etxera ematen duen aldean harmaila bat eraiki behar dute. Gainera, Iparragirre eta Labeaga kaleen arteko loturan irisgarritasuna hobetzeko asmoa dute. Horretarako, eremu guztiaren altuera berdindu behar dute.
Aipatzekoa da ere, udalak etxe-orratzetik Grupo Santa Barbara auzora doan eremua berrituko duela. Horrek alde zaharra eta Jose Mari Lasa plaza hurbilduko ditu.