Bolatarako zaletasuna goraka
Bolari Eguna egin dute Liztormendi Elkarteak eta Zeraingo Bolariak taldeak antolatuta. Miren Makazaga izan da irabazlea, Patxi Arrondo bigarren eta Mikel Oria hirugarren
Bolatan jokatzeko ohitura handia izan da beti Zerainen. Urte batzuetan beherakada izan ostean, azken urteetan berriz ere indartzen ari da afizioa eta horren adierazgarri da, larunbatean egin zuten Bolari Eguna, Liztormendi elkarteak eta Zeraingo Bolariak taldeak antolatuta.
Urte askoan zehar, Gipuzkoako taldekako bola txapelketan Zeraingo gizonek osatutako taldeak parte hartu izan du. Emakumeek ere osatu zuten talde bat. Azken bi urteetan bi talde ere eraman dituzte txapelketara herriko emakumeek. Jokatu bakarrik ez, azken txapelketan irabazle izan ziren.
Azken txapelketa hartatik bueltan, herrian, tertulian, bolatan aritzen den jende kopuru handiaz konturatuta, Bolari Eguna antolatzeko ideia mamitzen hasi ziren asteazkenero bolatokian elkartzen diren hainbat herritar. Ospakizun kutsua eman eta herrian giroa sortzeko asmoarekin egin dute aurten lehenengoz, herritarren arteko txapelketa hori. Hotza eta euria ez ziren etxean gelditzeko aitzakia izan. 28 helduk eta 10 bat haurrek parte hartu zuten. Giro polita sortu zen goiz-goizetik.
Partidei dagokienez, partaide bakoitzak bost botaldi egin zituen eta horietatik lau hartu zituzten kontuan, puntuak gehitzeko. 24 birla botata, berdinduta gelditu ziren Miren Makatzaga eta Patxi Arrondo. Berdinketa hausteko partidan, Makatzaga gailendu zen. Hirugarren postua Mikel Oriarentzat izan zen, 22 birla botata. Diploma eta domina lortu zituzten. Haurrei dagokienez, guztiak izan ziren irabazle eta sari bana jaso zuten.
Sari banaketaren ondoren, partaide guztiak Liztormendi elkartean elkartu ziren partaide guztiak bazkaltzeko.













