Trans-zikloa, izan ahal izateko
Jardunaldi didaktikoa, antzerkia eta bertso saioa antolatu dituzte. Erreferente bilakatu dira antolatzaileen hitzetan, urteetan iraupen luzeko egitaraua osatzeagatik
Trans-zikloa antolatu dute Beasaingo hainbat herritarrek udalaren laguntzarekin laugarren urtez. «Oraindik ere beharrezkoa eta garrantzitsua da halako zikloak antolatzea transexualen errealitatea ikustarazteko», azaldu du Ekaitz Goikoetxea antolatzaileak. «Sentsibilizazioan are gehiago sakondu behar da. Hori da genero eta sexu diskriminazioarekin amaitzeko bide bakarra», gaineratu du.
Hiru kolpeko egitaraua prestatu dute, jardunaldi didaktiko, antzerki emanaldi eta bertso saio banarekin. Ekitaldi guztiak Igartzako jauregian izango dira, doanik. Trans-formatzen jardunaldia martxoaren 28an izango da, eta bertan parte hartzeko igandea baino lehen eman beharko da izena. Gurasoei bideratutako saioa izango da aurtengoa, baina nahi duen orok har dezake parte. «Aitak animatu nahi ditut, bereziki. Amak izaten dira, orokorrean, halako formakuntzetara hurbiltzen direnak, baina guztioi dagokigu», egin du ºdeia Goikoetxeak. «Baita aitona-amonei ere. Geroz eta gehiago etortzen dira, eta poztekoa da». Bea Sever sexologoa eta Naizen adingabe transexualen gurasoen elkarteko kide bat eta nerabe bat egongo dira saioan hizlari lanetan. Trans-formatzen dokumentala ere ikusgai egongo da.
Maiatzean Ama-Alu-Lur antzezlana eskainiko du Intujai Teatro taldeak. «Aluak margotzea ohikoa zen labar pinturetan. Zenbat aurreratu dugu 15.000 urtetan?», galdegiten du antzezlanak. «Oso gutxi hitz egiten dugu gorputzaz, sexuaz, aluaz… gai tabu bat da».
Bertso-trans saioak itxiko du Trans-zikloa, ekainean. Maddi Aiestaran, Uxue Alberdi, Maider Arregi eta Alaia eta Jon Martin igoko dira oholtzara.
«Trans-zikloa Euskal Herri mailan erreferente bilakatu da, denboran eskaintzen duenagatik», azaldu du Goikoetxeak. «Hiru hilabetetan zehar aniztasunaren inguruko lanketa, jarduera eta ekimen desberdinak izango dira Beasainen. Hori oso toki gutxitan gertatzen da, eta halako erantzun onarekin are gutxiagotan», osatu du. Beasain, ordea, ez dela uharte bat aitortzen dute eta transexualek bertan ere oztopoak pairatzen dituztela salatu dute. «Transexualak ez dira onartuak. Gizartearen arazo orokortua da hori. Ez dute ulertuak izan nahi, onartuak baizik», azaldu du antolatzaileak.
«Egia da urratsak ematen ari garela errealitate hauek bistaratzeko eta laguntzeko. Baina oraindik sufrimendu asko dago, eta lehentasunezko borroka izan behar da», dio Goikoetxeak. «Jorratu beharreko aditza izan da. Gainerako aditz guztiak ezin dira landu izaterik gabe: ezin da kirolik egin, ezin da sortu, ezin da janaririk prestatu, ezin da borrokatu… izatea ukatzen baldin bazaigu. Izan aditza balioan jarri nahi dugu, eta horren alde egingo dugu borroka».
EGITARAUA:
· Martxoak 28, larunbata: Trans-formatzen jardunaldia. 10:00etatik aurrera, Igartzako jauregian.
· Maiatzak 8, ostirala: Ama-Alu-Lur antzezlana. 22:00etan, Igartzako jauregian.
· Ekainak 26, ostirala: Bertso-trans saioa. 22:00etan, Igartzako jauregian.
· Doan. Ekintza eta saio guztiak doakoak izango dira.