Lau eguneko zaharberritze lanak
Bihar arte egongo da Itziar Viana zaharberritzailea Zumalakarregi Museoan zuzeneko zaharberritze prozesua gauzatzen; Musealiak proiektuaren barneko egitasmoa da.
Zumalakarregi Museoak, Gipuzkoako Diputazioko gordailuarekin elkarlanean, pieza baten zuzeneko zaharberritze prozesua ikusteko aukera eman du. Martxoaren 10etik 13ra bitartean, 1863ko abaniko baten zaharberritze prozesua dago ikusgai Ormaiztegiko museoan. Itziar Viana zaharberritzailea lau egunez egongo da bertan Eulalia Borboikoak Irungo bizilagun bati emandako pieza ontzen.
Musealiak proiektuaren barneko egitasmoa da hau. Musealiak hausnartzeko espazioa da, Gipuzkoako Diputazioarekin batera martxan jarritako ekimena: «Helburua da hausnarketa egitea ondareari buruz, zergatik pieza batzuk ondare diren eta beste batzuk ez», azaldu du Mikel Alberdi Zumalakarregi Museoko arduradunak.
Prozesu itzulgarria
Nakarrez, zetaz eta gouache teknikaz egindako abanikoa da. Itziar Viana zaharberritzailea ariko da lau egunez, ostiralera arte, piezak dituen degradazioak ontzeko lanetan: «Garrantzitsuak iruditzen zaizkidan datuak txostenera pasako ditut lehendabizi, eta frogak egiten hasiko naiz ondoren».
Datu bilketa eginda, garbiketa rekin hasiko da: «Pentsatzen dugu pintura degradatuko dela urarekin eta, beraz, froga txikiak egingo ditut leku ezkutuetan, pintura joaten den jakiteko».
Adierazi du frogak egitea ere badela bere lanaren zati garrantzitsu bat: «Egiten dugun guztiak itzulgarria behar du izan». «Barilla ere apurtuta dauka, eta fisura batzuk egin dira; abaniko hau itxita egon da eta zeta oso lehorra dagoenez, tolesdura duen leku batzuetan apurtuta dago», eman du jakitera.
Eulalia borboitarra
Eulalia Borboikoaren abanikoa izan zen Zumalakarregi Museoan ikusgai dagoena. Isabel II.aren alaba gazteena zen, eta Irunen zendu zen 1858an. Bertako bizilagun bati oparitu zion, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako antikuoario batetik eskuratu zuen. Abanikoaren egilea, Aman Cyboulle, eskola frantseseko pintore izan zen, Paul Delaroche margolariaren ikaslea. Loreak eta zomorroak margotzen zituen batik bat.
Intsektuak humanizatzeko joerak hedapen handia izan zuen XIX. mendeko bigarren zatian. Egun hauetan zaharberritze prozesuan ikusgai dagoen piezan, adibidez, kontzertua ematen ari diren zomorroak irudikatu zituen; atze aldean, berriz, loreak margotu zituen Cyboullek, borboitarren eskudoarekin batera.
Zaharberritzailearen lana
«Zuzenekoak zaharberritzailearen lana ezagutarazteko aukera ere ematen du», agertu du Alberdik. Autonomo gisa aritzen da Viana: «Ohikoena da gure arloan, plaza gutxi baitaude». Piezarentzako euskarria ere egin du: «Atze aldean pisu guztia utziz gero degradatu daiteke». Bihar arte egongo da Viana jardunean Zumalakarregi Museoan.