«Musika-adar askorekin gozatzen ari naiz, ez dut etiketatzerik nahi»
Amari omenaldi-keinua eginez, 'Agirre' izendatu du lehen diskoa Eneko Dorronsoro Agirrek (Ataun, 1980). Herri Antzokian du igandean hirugarren aurkezpen kontzertua.
Musikari bat ausartu egiten da diskoaren abenturan sartzeko, ala bideak eramanda, beharrak eskatuta egiten du?
Nire kasuan, biak. Behar bat bezala ikusi nuen, hemen baino gehiago kanpoan. Izan ditudan kanpoko esperientzietan, jendeak oso erantzun ona eman dit eta pertzepzio ona izan dute nire lanarekiko, baina harrituta geratzen dira musikariak bere ezer ez baldin badu. [Amerikako] Estatu Batuetako jaialdietan, salduta zaude; errieta egiten dizute, gainera. Aurkezpen txartel bat bezalakoa da diskoa.
Bestetik, ausartzearen puntua ere badu. Orain arte, ez nuen garbi zer formatutan egin nezakeen. Trikitiaren mundua oso txikia eta kritikoa da, eta bakoitza adar batean sartu eta hor etikatzen dute. Ni justu oraintxe ari naiz adar askorekin gozatzen, ez nuen nahi inon etiketatzerik.
Zeure zer islatu nahi zenuen?
Denetik egiteko aukerarik izan ez banu, agian ez nintzatekeen ausartuko diskoa egitera. Lasaitu naiz, zeren, azkenean, ondo onartua sentitu naiz oso formatu desberdinetan, eta horrek eman dit soltura nahi dudana egiteko.
Zer sartu nahi izan duzu edaten duzun hamaika iturrietako bakoitzetik?
Egia esan, egiterik pentsatu gabeko diskoa izan da. Abesti hauek ez daude proiektu jakin baterako edo CD batean biltzeko eginda. Lehenengoa 17 urte nituenean egindakoa da; besteak, hamar urte hauetan eta arrazoi desberdinengatik. 13 abesti neuzkan, eta 12 sartu ditut. Baina disko borobila egiteagatik bat edo beste aukeratu gabe; zeudenak sartu ditut.
«Egiterik pentsatu gabeko diskoa da.
Abestiak ez nituen CD baterako egin»«Lan erreala izatea nahi nuen, grabatua
gero zuzenean defenditzeko erakoa»
Trikitia du oinarri?
Bai. Guk DNAn trikitian erabiltzen ditugun erritmoak dauzkagu sartuta: fandangoa, arin-arina, kalejira; 6/8, 3/4, 2/4. Horiek saihetsezinak dira. Baina badaude desberdintzen duten gauza batzuk, musika tradizional edo beti erabilitako melodia klaseetatik ateratzen direnak.
Trikitiaz gain tresna gehiago jotzen dituzu. Horiek badaude?
Ez ditut sartu. Erreala izatea nahi nuen, grabatu dudana gero zuzenean defenditzeko modukoa izatea. Horregatik ez ditut instrumentu gehiago sartu. Abesti batzuk gitarrarekin hasita egin ditut, hori bai. Sortzerakoan lagundu didate beste tresnek. Bi instrumentu doaz diskoan: trikitia eta Fredi Pelaezek jotzen duen Rhodes pianoa.
Grabatu eta ekoitzi Pelaezen Pottoko estudioan egin duzu?
Bai. Berez opari bat izan da. Ez nintzen joan proiektu hau horrela ikusten nuelako. Formatu txikia nahi nuen, batez ere kanpoko eskariari begira egingarria —ezin duzu AEBetara sei lagunekin joan, diru gehiegi da—. Neuk etxean grabatzea eta ukelelea sartzea pentsatu nuen, eta Fredirengana gitarrak grabatzeko ideian joan nintzen. Baina abestiak ikaragarri gustatu zitzaizkion, eta proban hasi zen. Prest agertu zen pianoa sartzeko. Rhodes pianoak beste kolore bat eman dio, beste tresna batekin lortzea zaila dena. Proiektua ordu erdi batean erabat aldatu zitzaidan, espero gabe. Gitarrak ertzera bota, eta trikitiarekin eta pianoarekin grabatu genuen.
Kanpoan asko ibiltzen al zara? AEBetan badituzu lagunak.
Asko ez nabil, baina foku batzuk irekita baditut. Lucas Hics jada falta zaigu, ez dago gure artean, baina bere lagun inguruarekin badaukat lotura. Aurten deitu didate jaialdi batera joateko, baina hemen kontzertu piloa daukat eta ezin dut antolatu. Bestetik, urteotan Euskal Etxeen giroa ere ukitu dugu pixka bat, eta urtero daukat joateko aukera. Baina aukera eta astia behar da.
Diskoari izenik jarri al diozu?
Agirre jarri diot, nire bigarren abizena, amarena. Beti Eneko edo Eneko Dorronsoro deitzen didate, inork ez Agirre. Ama bistarazteko lan bat badaukagu, nirengandik hasita. Ama da lan gehien egiten duena, eta, 40 urtera ailegatzear gaudela, orain ez badiot egiten… Hortik doa omenalditxoa edo keinua.
Aurkezpenekin bete-betean zabiltza. Bi San Gregorion, eta hirugarrena ere Ataunen, Herri Antzokian igandean 18:30ean.
Lehenengo saioa San Gregorion, Barandiaran Museoan eman nahi nuen. Ni handik 50 metrora jaio eta hazi nintzen, eta umetako oroitzapen guztiak horkoak dauzkat. Proiektu txiki horri lekua emateko toki txiki bat nahi nuen. Betetzea zen normalena, eta bete zen. Bigarrena horregatik egin nuen. Hirugarrenerako, Herri Antzokia ikusten nuen aukera bakarra. Handiegia da agian nire proiektuarentzat. Apustua egin dugu. Baina erdia beteta ere, koronabirusarentzako espazio gehiago [barrez]. Formatu txiki honi bere tokia bilatu nahi diogu: areto txikiak, tabernak izan gabe, builarekin eta dena galtzen delako hor.