Alarmarik ez dendetan
Alarma egoera ezarri eta mugimendua murriztu zen larunbatean. Etxean geratzeko agindua eman da, baina elikadura saltokiek irekita jarraitzen dute.. Denda kanpoko ilarak ohikoak dira egunotan hedapena ekiditeko.
Alarma egoera larunbatetik ezarrita, etxean geratzeko agindua eman zaie herritarrei. Mugimenduak ere murriztu dituzte. Janaria erosteko, lanera joateko, bankura edo aseguru etxeetara joateko, osasun zentroetara joateko edo zaintza lanetarako bakarrik mugitzeko eskatu dute. Okindegiek, harategiek, arraindegiek edo bestelako elikadura dendek zabalik jarraitzen dute, baina neurriak hartu dituzte Covid-19aren hedapena ekidite aldera. Salmentek gora egin dutela adierazi dute hainbat dendarik.
Ordiziako Goierriko Baratzan baserriko produktu ekologikoak saltzen dituzte. Francisco Javier Masid Txisku arduradunak azaldu du ostegunean salmenten igoera nabaritu zutela: «Orain lasaitu egin da, ostegunean, ostiralean eta larunbatean jendeak erosketa handiak egin zituen, uste genuena baino gehiago». Ekoizpenarekin arazorik ez dagoen arren, askok aste osorako erosketa egin dute, eta produktu batzuk modu ez ohikoan agortu dira: «Orain, adibidez, arrautzak eta patatak agortu dira, baina bihar ekarriko ditugu gehiago». Gehitu du hori dela bezeroen artean zabaltzen saiatzen diren mezua: «Ekoizleek produktuak ekartzen jarraituko dutela esaten diegu bezeroei». Goierriko Baratzak etxeko zerbitzua ere eskaintzen du, eta asko izan dira egunotan etxetik ez mugitzeko erabakia hartu dutenak: «Saskiak prestatzeko edo etxera eramateko aukera ematen dugu, eta zerbitzu horretan asko nabaritu dugu eskaera».
Zumarragako Iñigo Agirre harategian ere izan da aldaketarik: «Ostiraletik hona gora egin du salmentak, arrautzak, esnea eta haragia kantitate handiagotan eramaten ditu jendeak», azaldu du Agirrek berak.
Lokaletako aforoa
Dendetan ilarak ikustea ohikoa da egunotan: «Kanpoan itxaroten dute eta banan-banan sartzen dira, eta batzuk maskarillarekin ere etorri dira», esan du Txiskuk. Berdin gertatzen da Iñigo Agirreren harategian: «Joan den astean ez, baina gaur bi baino gehiago ez dira sartu».
Ordiziako Zabale Belardendako Mari Karmen Goiburuk azaldu du udaletik jaso dutela merkatariek aforoa kontrolatzeko oharra: «Metro karratuen arabera merkatariak erabakitzen du zenbat pertsona sar daitezkeen». Bere kasuan, bi pertsonak baino gehiagok batera ezin dute belardendara sartu.
Arratsaldez, itxita
Alarma egoeran ere elikadura dendak irekita izango dira, baina batzuek goizeko zerbitzua bakarrik emango dute. Goiagi okindegiak, Errotaundi okindegiak edo Zabale Belardendak itxi egingo dute arratsaldez. «Erosketa gehienak goizez egiten dituzte bezeroek», esan du Zabale belardendako arduradunak.