Enirio-Aralar Mankomunitateak bere gain hartuko ditu auzipetuen gastuak
Enirio-Igaratza pistari baiezko bozka emateagatik, zazpi auzipetuen gastuak ordaintzeari bai esan zioten 13 ordezkarik. Ordiziak, ezezko bozka mantendu du
Enirio-Aralar Mankomunitateak bere gain hartuko ditu, Aralarko pisten auzian auzipetutakoen defentsa kostuak. Ordainketa egiteko unea izan zen, ordezkarien artean eztabaida sortu zuena. Azkenean, ordainketa berehala egitea ere adostu zuten, baina horretarako hainbat baldintza ezarri zituzten. Hala erabaki zuen Enirio-Aralar Mankomunitateko zuzendaritza batzarrak, iragan ostegunean, martxoak 12, egin zuen ez-ohiko bilkuran. 14 ordezkarik parte hartu zuten, 13k baiezko bozka eta kontrako bat izan zen emaitza.
Ez-ohiko bilkura, ez-ohiko egoeran, izan ere, Koronabirusaren inguruan Osasun Publikoak helarazitako neurriak aintzat hartuta, eta Ordiziako udaleko batzar aretoan jende pilaketak oinarrizko segurtasun neurriak eta aireztapen baldintzak betetzea ezinezkotzat jo zutenez, Mankomunitateak azken orduan erabaki zuen, batzarra ateak itxita burutzea. Gai zerrendan ere eragina izan zuen koronabirusak. Bilkura ahalik eta motzena izan zedin, aurreikusita zituzten zazpi puntuetatik -2020 urterako aurrekontuak onartzea eta 2020 urterako aurreikusten diren inbertsioak, besteak beste, bakarra landu zuten. Presazko eta ez-ohiko zuzendaritza batzarra deitzeko eskaera burutu zuten Abaltzisketa, Altzaga, Arama, Beasain eta Lazkaoko ordezkariek proposatutako Aralarko Enirio-Igaratza mendi pistari baiezko bozka emateagatik auzipetuta dauden ordezkariei eragiten dien puntua, hain zuzen.
Koronabirusak eraginda, Mankomunitatearen azken orduko erabaki horrek, eztabaida sortu zuen Mankomunitateko ordezkarien artean. Helburua «prebentzio neurria baino ganaduzaleak eta nekazal sindikatuetako ordezkariak sartzea ekiditea» zela salatuz. Batzarrak iraun bitartean, ordu eta erdi inguru, kanpoan egon ziren zain nekazal sindikatuetako ordezkariak eta baita ganaduzaleak ere, kanpotik auzipetuei babesa azaltzeko, eta batzarra amaitzerakoan, prentsaurrean balorazioa egiteko. Batzarraren erabakia ezagutzean, prentsa aurrean baloraziorik ez zuten egin.
Desadostasunak
Enirio Aralar Mankomunitateko interesen defentsan burutako jarduerak egiteagatik Tolosako Hirugarren Instrukzio Epaitegiak, Natur Baliabide eta Ingurugiroaren eta Lurraldearen Antolaketaren ustezko delituengatik ireki zituen 257/2019 aurretiazko diligentziak direla eta, salatutako hautetsien ordezkaritza eta defentsa egoera egokia egin dezaten beraien konfiantzazko pertsonen kostu osoa Eniro Aralar mankomunitateak bere gain hartu dezala eta berehala ordainketak burutu ditzala onartzea zen proposamena. Auzipetuek egindako eskaerari dagokionez, mankomunitateko idazkariak egindako bi txosten daude, ordezkaritza eta defentsa gastu horiek mankomunitateak bere gain hartu ahal izateko baldintzak zehazten dituztenak. Gastuen ordainketa, ikertuak delituaren erantzuletzat jotzen ez direla egiaztatu ondoren egitea esaten du lehen txostenak. Bigarrenak, gastuak ordaintzeko kide guztiek egindako ordainketak justifikatu behar dituztela esaten du.
Adur Ezenarro mankomunitateko lehendakariak adierazi zuen «eskaera egitea zilegi» dela baina bigarren txostenak «ezartzen dituen baldintzak, gastu horiek indemnizagarriak izateko eta ordaindu ahal izateko, dagokion prozedura jarraitzea» eskatu zuen, auzipetuen defentsa gastuen fakturak aurkeztea kasu.
Auzipetuen defentsa gastuak ordaindu eta berehala egitearen alde agertu zen Beasaingo alkatea Aitor Aldasoro. Esan zuen, «lehen txostenak, errugabetasun-printzipioa ezinbestean aplikatu beharreko printzipioa» dela esaten duela. Gainera, ezezko bozka «borondate ezagatik» zela aurpegiratu zion lehendakariari.
Ezenarrok argi utzi zituen bere bozkaren arrazoiak. Gogoratu zuen, Ordiziako udalbatzak adostutakoaren kontra egin zuela mankomunitateko lehendakari ohiak, eta «interes pertsonalak medio» Enirio-Igaratza pistari babesa eman ziola. Horregatik, ezezko bozka mantentzen zuela, «udalbatzaren mandatuaren kontra» aritu zelako.
Aldasorok «auzipetuek, orain arteko 3.000 euroko faktura bana ordaindu» dutela nabarmendu zuen. Horrek,ordezkariak «indefentsio egoeran» jartzen dituela, eta «hori eusteak aurrekari oso larria ezarriko» lukeela. «Gure eskualdeko herrietan organo kolegiatutan parte hartzen duten ordezkariak, udalbatzetako zinegotziak eta mankomunitate eta abarretako ordezkariak, kanpo presioen baldintzapean arituko lirateke, behin-behinean euren patriketatik aurre egin behar badiete bertan hartutako erabakien ondorioei».
Azkenean, mankomunitateak auzipetuen gastuak bere gain hartzea eta ordainketa berehalaegitea adostu zuen 13 baiezko bozkekin. Lehendakariak, ezezko bozka eman zuen. Auzipetuek orain arteko ordainketen fakturak aurkeztu beharko dituzte. Horretaz gain, zehazteko dago ekarpen berezia nola egingo den.