Goierri, alarma egoeran
Behar-beharrezkoa denean bakarrik irten daiteke kalera, eta oinarrizko salmenta guneak besterik ez daude irekita. Hauteskundeak ere atzeratu egin dituzte, data zehatzik gabe
Espainiako Gobernuak neurri zorrotzak hartu ditu koronabirusaren kutsadura geldiarazteko. Larunbatean alarma egoera ezarri zuen Pedro Sanchez presidenteak, eta oinarrizko eskubideak murriztu zituen. Kalera irtetetako mugak eta saltoki gehienen itxiera dira neurririk esanguratsuenak: goierritarrek behar-beharrezkoa denean besterik ezin dute irten kalera, beti banaka, eta soilik farmaziak eta janari dendak daude irekita.
Alarma egoera Espainiako Konstituzioak ahalbidetzen duen baliabide bat da «osasun krisialdi eta epidemietan» normaltasuna bermatzeko. Konstituzioko 116. artikuluak Espainiako Gobernuko presidenteari botere guztia bereganatzeko eskumena ematen dio, eta herritarren egunerokotasuna mugatzeko neurri zorrotzak aurreikusten ditu. Kasu honetan, Sanchezek, kalera irteteko debekua ezarri du salbu «elikagaiak eta botikak erosteko, osasun zentroetara joateko, lantokira joateko eta etxera itzultzeko, zaintza lanak egiteko eta banketxera joateko». Kultur eta kirol ikuskizun guztiak bertan behera gelditu dira, eta txikizkako komertzio oro etenarazi du: farmaziek, janari dendek, ortopediek eta estankoek dute soilik irekita egoteko baimena. Neurriok, gutxienez, hamabost egun egongo dira indarrean. Halere, aurreikuspenen arabera, denboran luzatu egin beharko dira. Egoera okertzen bada, gobernuak neurri are gogorragoak ere har ditzake: bestek beste, lurralde eremu zabalak bakantzea.
Alarma egoerak gizartea geldiarazi du. Goierriko kaleetan dagoen ezohiko isiltasuna oso esanguratsua da. Ia ez dabil autorik, eta plazak hutsik daude. Gutxi batzuk kirola egitera eta tabernetara irten ziren asteburuan, baina gehiengoak zintzo bete zituen arauak: erosketak egin eta zuzenean etxera. Larunbat goizean pilaketak sortu ziren supermerkatu nagusienetan, baina arratsalderako egoera normaltasunera itzuli zen. Ez zen horniketa arazorik egon, eta agintariek zin egin dute etorkizunean ere ez direla izango.
Enpresak, geldirik
Ekonomia ere gelditu egin da: Inguruko enpresa nagusiek, CAFek, Indarrek. GHk eta Irizarrek esaterako, ekoizpena errotik moztu dute. Langileek eurek egin dute planto kasu askotan; aukera duten langile asko telematikoki lan egiten ari dira eta, herrietako azokak bertan behera gelditu dira, gutxienez, datozen bi asteetan. Geldialdi honek ekonomian izango duen eragina neurtzeko goizegi da oraindik, baina Sanchezek onartu zuen «nabarmena» izango dela. Agintariek laguntzak iragarri dituzte enpresa eta langileentzat, baina oraindik ez dituzte zehaztu. CAFeko LAB sindikatuak adierazi du «martxoaren 16, 17 eta 18a ordainduak izango dira, baina ordu horiek 2020an errekuperatu egin beharko dira». Egoera luzatzen bada, datorren astetik aurrera «enpresak halabeharrezko aldi baterako enplegu erregulazioa ezartzea aurreikusten du». Langileria kezkatuta dago soldata murrizketak eta kaleratzeak etorriko direlako.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ere bertan behera gelditu dira. Iñigo Urkullu lehendakariak eta EAJ, EH Bildu, EP, PSE, PP eta Equo alderdiek batera ateratako agiri batean aipatzen dute ez dagoela boto eskubidea eta osasun segurtasuna bermatuta. Apirilaren 5ean ziren egitekoak, baina orain airean dago noiz izango diren. Euskal Autonomi Erkidegoan larrialdi egoera amaitu eta ahalik eta azkarren izan beharko dutela adostu dute alde guztiek. Ia 58.000 goierritar zeuden boza ematera deituak.
Lehen aldia da halakorik gertatzen dela, eta legeak hutsune asko ditu. Halere, politikariak bat etorri dira lehentasuna epidimiari aurre egitea dela esatean, eta etorriko direla hauteskunde kanpainia egiteko garai hobeak.
Udal zerbitzuak, etenda
Goierrin udal zerbitzu guztiak itxita daude: gazte txokoak, KZ guneak, liburutegia, euskaltegiak, kiroldegiak… Beasainen, esaterako, Trafikoaren eta Aparkalekuen Ordenanatza bertan behera utzi dute egoera bere onera etorri arte. Gipuzkoako Foru Aldundiak errenta aitorpena egiteko epea uztailaren 29ra arte luzatu du.