Lana eta aisialdia, etxean bertan
Koronabirusak eta alarma egoerak eraginda, etxetik lanean ari dira goierritar asko. Familia eta aisialdiaren antolaketa ere buruhauste ugari sortzen ari dira etxeetan
Egoera zailei aurre egiteko, ez dago irudimena bezalakorik. Koronabirusak eta gaitzari aurre egiteko ezarritako neurriek, alarma egoerak eta osasun larrialdiak, etxetik ateragabe egon behar izatera derrigortu dituzte milaka herritar. Horietako asko etxetik lan egiten ari dira, edo umeak eta adinekoak zaintzeko baimenak dituzte. Egoera ezohikoa da, inondik ere, familia osoak etxean batera eta etxetik ateratzeko aukerarik gabe egotea ekarri baitu. Baina itxialdiari aurre egiteko dozenaka ideia eta egitasmo sortzen ari dira egunotan, etxez etxe nahiz sarean ikus daitekeenez.
Umeekin egiteko jolasak, online egiteko gimnasia eta yoga eskolak, streaming bidez jarraitu daitezkeen kontzertuak, edota museo eta liburutegiek jendearen eskura jarritako lanak dira horren adibide. Egoera berrira ahalik eta hobekien egokitu eta denbora familian eta modu ahalik eta eraginkorrenean pasatzea baita helburua.
Hitzako lantaldea, etxetik
GOIERRIKO HITZA egunkariko lantaldeak ere, egoera berezia bizi du egun hauetan. Egoeraren eta eskualdean gertatzen denaren berri emateko, lanean jarraituko du erredakzioak datozen egunetan, bai paperean eta baita Interneten ere. Baina koronabirusaren aurkako neurri moduan, telelana bultzatuko du, eta ahal den lanpostu guztietan etxetik aritzeko aukera emango zaie langileei, salbuespenak salbuespen. Egoera egunetik egunera aldatzen ari da, ordea, eta ez dago jakiterik datozen egunetan zenbateraino aldatuko den. Ahal den neurrian egunkariak etxeetaraino banatzen jarraituko du, eta hortarako aukerarik ez balego, egunkariak banaketa puntu jakin batzuetan uztea aztertzen ari da.
Multimedia atala
Egun hauetako itxialdi ordu luzeei aurre egiteko, hainbat alternatiba agertu dira sarean, eta GOIERRIKO HITZAk ere badu berea. Izan ere, goierri.hitza.eus nahiz goiberri.eus webguneetako Multimedia ataletan, dozenaka bideo, dokumental, laburmetrai, bideoklip, telebista saio eta dokumentu grafiko zahar aurkituko ditu irakurleak, denak ere, denborapasarako aukera egokiak izan daitezkeenak.