Ordiziako azoka plaza barruko 9 postutara mugatuko da
Ordiziako azoka ez da bere horretan egingo, baina ohiko bederatzi baserritarrek postuak jarriko dituzte. Segurtasun neurri ugari hartu ditu udalak.
Ordiziako azoka ez da ohikoa izango. Zalantza zegoen koronabirusa dela eta aste honetan egiterik izango zuten edo ez, baina azkenean, egoerara egokituta egingo dute. Ez du asteroko azokarekin zerikusirik izango, baina astero etortzen diren bederatzi baserritarrek jarriko dituzte postuak. Ordiziako Udalak azaldu du “asteazkeneko azokak daukan bolumenagatik, eta osasun baldintza egokiak bermatze aldera, ezinezkoa dela bere horretan mantentzea”. Horregatik, plaza barruko postuetara mugatzea erabaki dute, eta baserritarrek eta bertako produktuen ekoizleek bakarrik jarri ahal izango dute postua.
Bertako hainbat janari saltokik zabalik jarraitzen duten moduan, udalak aukera eman nahi izan die nekazariei “euren produktu galkorrak saldu” ahal izateko, beti ere, “segurtasun neurri guztiak” bermatuta. Horretarako, plazako sarbidea kontrolatu egingo dute, jende pilaketarik egon ez dadin eta segurtasun tarteak bermatu daitezen.
Azokak sarrera bakarra izango du, goiko aldetik (Pottoka paretik), eta bertatik sartu eta atera beharko da. Gainerako sarbide guztiak itxita mantenduko dituzte. Ordutegia ere mugatu egin dute, eta 09:00etatik 12:00etara egongo da zabalik.
Saltzaileentzako neurriak
Saltzaileei begira ere, hainbat neurri hartu dituzte azokaren antolatzaileek. Hala, 65 urtetik gorako edo arrisku-taldeetakoek ezin izango dute etorri. Eskularruak erabiltzea derrigorrezkoa izango dute, eta 1,5 metroko segurtasun tartea mantendu beharko dute, bai beraien eta baita erosleen artean ere. Erosketa bakoitzetik bestera, eskuak desinfektatu beharko dituzte, eta produktuak, baserritarrek beraiek bakarrik ukitu ahal izango dituzte.
Erosleentzako neurriak
Erosleei dagokionean, berriz, familia bakoitzeko pertsona bana joan ahal izango da, umerik eta adinekorik gabe. Arrisku taldeetakoei ez etortzeko eskaera egin diete. Erosleen artean ere 1,5 metroko tartea gorde beharko da, ezingo dute produkturik ukitu, eta postu bakoitzaren aurrean aldiko pertsona bakarra egon ahalko da.