Salbuespena arau bihurtu da
Erosleek ilarak dendaz kanpotik, metro pasako tartea utzita albokoagandik, erosi bezain azkar etxeratzeko agindua megafoniatik... Lehen laneguna konfinatuta.
Ezohiko larrialdi egoeran, aurreneko laneguna izan zen atzo. Lazkaon, beste herri guztietan bezala, salbuespena izan da arau. Ikastetxe, zerbitzu publiko eta tabernak zabaldu ere ez dituzte egin. Oinarrizko salgaien komertzioa bai, eta igandean baino mugimendu gehixeago nabaritu da kalean. Okindegien aurrean ilarak bai, baina ez herenegun adinako luzeak. Janari-dendetan, gehieneko aforoa lokalaren neurrira mugatua: bakarra, sei, hogei… Errespetatu du jendeak.
Eguraldi euritsuak are gehiago ilundu du herritarren aldartea. Ilaretan solas gutxi, kalean gurutzatutakoan kortesiazko diosalak bakarrik. Ertzaintzaren auto bat megafonia jarrita ibili da, egin beharreko enkarguak azkar egin eta berehala etxeratzeko eskatuz, aginduz.
Hornidura faltarik ez da sumatu. Eroskin, hori bai, kanpoan itxaron behar izan dute erosleek, barrukoak noiz irtengo eta tokia egingo. Plastikozko eskularruak banatu dizkie langile batek, eta orgatxoaren heldulekua garbitzen aritu da, uneoro. Denda batzuetan, langileak sudur-ahoetako estalgarria jantzita. Irribarrea ere ezkutatu du, egiteko gogoa bezala.
Adineko guztiei deika
Egoera berria da biztanle gehienentzat etxeko bakartzea. Asteburuan, balkoietatik txaloka eta kantuan Elkartasunerako borondatea ere erne du, kezka guztien artean. Lazkaoko Gazte Asanbladak edadekoei erosketak egiteko eta etxera eramateko prestasuna agertu du. Laguntza jaso nahi dutenek telefonoz hots egin dezakete (688 75 76 03; 09:00-13:00 bitartean). Boluntarioak erantzungo dio ondoren. Farmaziako gaiak ez dituzte erosiko. Birusa ez kutsatzeko neurriak hartuko dituzte: eskularruak, dirua gutunazal batean jaso eta soberak han itzuli, kontakturik gabe eta tarte batera…
Lazkaoko Udalak, bere aldetik, laguntza beharrean zenbat adineko dauden eta zer gabezia dituzten baloratu zuen, atzo. 70 urtetik gorako ia 900 herritarrekin telefonoz jarri ziren atzo hartu-emanean.
Larrialdi Mahaia sortu du udalak. Bi udal taldeetako buruek eta Udaltzaingoko, Gizarte Ongizateko, Hirigintzako eta Zerbitzuetako teknikariek osatu dute.