Etorkizuna ez da argi ikusten
Autonomo gehienek ezinbestean negozioak itxi egin behar izan dituzte. Agintariek diru laguntzak iragarri dituzten arren, kezkatuta daude. «Egoera asko luzatzen bada, ekonomia kolapsatu egin daiteke».
Langile autonomoek behin eta berriz errepikatzen duten esaldia da: «Ez dakit». Negozioak itxita, ez dute inolako diru sarrerarik, baina gastuak mantentzen dira. «Suminduta nago Sanchez presidentearekin. Orain arte ez du hitzik izan autonomoontzat, eta laguntzak behar-beharrezkoak ditugu», kexatu da Ane Zurutuza Goierri Bidaiak turismo agentziako arduraduna. «Laguntzak izango direla aipatzen da, baina oraingoz ez dago ezer zehatzik», azaldu du Irantzu Amundarain Zuzenki aholkularitzako gerenteak. «Egoera argitzen joango dela espero dut datozen egunetan».
Eusko Jaurlaritzak 25 milioiko programa bat bideratuko du enpresa txikien eta autonomoen likedezia bermatzeko, baina Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak onartu du diru hori nola gizarteratuko duten oraindik ikusteko dagoela. Espainiako Gobernuak autonomoak zerga ordainketatik libratu ditu atzoko ministroen kontseiluan hala erabaki ostean. Hipotekaren ordainketan ere atzeratzeko eskubidea izango dute, inolaz ere ezingo dituzte etxegabetu eta oinarrizko hornidura (ura, gasa, argia…) ezingo diete moztu. Gainera, Sanchezek milaka milioi euroko laguntzak iragarri zituen galerak dituzten negozioentzat.
Denbora, aurka
Autonomoek, gutxien-gutxienik, ordaindu beharreko kuotak atzeratzea eskatzen dute. Gastu fijo asko dituzte: alokairua, argia, gizarte segurantza… eta bizi ere egin behar dute. «Egoera horrela dagoen bitartean, nik ez dut soldatarik. Oraindik gurasoen etxean bizi naizenez, ez dut gastu askorik. Baina imaginatu ere ez dut egin nahi hipoteka, kotxea eta bestelako fakturak ordaindu behar dituen familia baten egoera», dio Zurutuzak.
Autonomo askok, euren lanen ezaugarriengatik ezin dute telematikoki lan egin. Amundarain eta Zurutuza lanean ari dira, etxetik bada ere. Lehendabizikoak lan gehiago du bigarrenak baino: «Bezeroak oso kezkatuta nabaritzen ditut. Laguntzei buruz galdezka deitzen dute gehienek, baina erantzun zehatzik ez dugu. Kasuistika oso handia da, eta orokortzea zaila da», aipatu du aholkulariak. «Jendeak orain ez du bidaiarik egin nahi. Ea guzti hau uda baino lehen amaitzen den, eta abuzturako jendea animatzen den», desiratu du Zurutuzak. «Zazpi bat hilabeteetarako aurrezkiak baditut. Osasun larrialdia baino luzeagoa izango da eragingo duen krisialdi ekonomikoa, eta tarterik gabe egin beharko diogu aurre».
Egoera jasan ezina da epe luzera: ekonomia geldituta, estatuak diru sarrera gutxiago izango du, eta laguntzetan gehiago ordaindu beharko du. «Pentsioak ordaintzeko dirurik ez badago, denbora luzez langabe guztien prestazio kontributiboa ordaintzeko dirurik egongo da? Eta autonomoen laguntzak?», galdegin du Amundarainek. «Ekonomia kolapsatu egin daiteke».