Gabiriako Udalak 621.000 euroko aurrekontua izango du 2020an
Udalaren zerbitzu eraikinei irisgarritasuna hobetzeko dira proiektu nagusiak: Ostatu etxean igogailua eta Aztiriko tabernan. Wifi irekia jarriko dute hiru biziguneetan
Aurreko urteetako diru-sailak goratuz, Gabiriako Udalbatzak otsailaren 26ko osoko bilkuran onartu zuen 621.649 euroko udal aurrekontua, 2020ko ekitaldirako. Zenbait proiektu badarabiltza udalak esku artean, aurten gorpuzteko asmoan; lur erosketa eta etxebizitza babestuak, adibidez. Baina aurrekontuan txertatu dituzten inbertsio gehienak aurreko urtekoen segimena dira. «Lehendik datorrenari segitzea erabaki dugu, eta aurrekontuetan hori islatu da», azaldu du Oier Oiarbide alkateak.
Proiektu handiena Ostatu etxeko igogailua eta eskailera berria eraikitzeko obra izango da aurten ere (10.000 euro gehigarri). Egitura altxatu dute, etxe atzean. Haren alboan, eskolako haurren jangelatarako areto berria ere eraikitzen ari dira. Sarrera aparte izango du.
Aztiriko erretegian, bestetik, irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dira komunetan. Sarrerako hiru mailak gainditzeko, berriz, plataforma igotzaile bat muntatuko dute. Diru laguntza jaso du udalak horrako.
Lanean hasitako beste eremu bat Alegiako Agerreberri aldekoa da. Irizar kooperatibak instalazioak zabalduko ditu Gabiriako lurretarantz. Pabiloi berria eraikitzen hasita daude, baita Kastar erreka desbideratzen ere. Gabiriako Udalak 150.000 euroko sarrera izango du exekuzio horretatik, %1eko aprobetxamenduarena.
Irisgarritasun gaiekin bukatzeko, udaletxeko bulegoen barruko egituraketa egokitzeko 38.000 euro bideratu ditu. Aguazilaren etxebizitza uztailean geratuko da libre, eta udal bulegoak beheko solairu horretan kokatzea aztertzen ari dira.
Wifia irekian eta libre
Wifi For Europe ekimenaren barruan, aurki Interneteko konexio irekia eta librea egongo da Gabiriako kaskoan, Alegian eta Aztirian. Kaleko wifi sistema irekia instalatzeko lana Sodupe Elektrikariei emana die jada udalak. Herri kasoan hiru antena-errepikagailu (plazan, kirolgunean eta Ostatu aurrean), eta auzoetan bana jarriko dituzte (Aztiriko plazan eta Alegiako Armandegi aldean). 100 metroko irismena du bakoitzak.
Erregistratu ondoren, herritarrek Interneteko sarbidea doan edukiko dute. Eraikin publikoetan ere jarriko dute wifi sistema. Hiru pantaila digital ere kokatuko dituzte hiru kaskoetan, udaleko eta herriko berri emateko.
Herri bideak konpontzeko 10.600 euro jarri ditu udalak, foru laguntzekin osatzekotan. Herri bideen inbentarioa idazteko lanaren 2. faserako, berriz, beste 8.500 euro. Beste 28.500 euro maileguaren itzulketarako izango dira.
Laguntza taldea martxan
Koronabirusak sortutako bakartze egoeraren aurrean, laguntza taldea sortu du Gabiriako Udalak. Beharra duten bizilagunei edota adinekoei laguntza emateko,13 boluntario talde bat atzo sortu zuten, eta gaur hasiko da martxan. Erosketak edo botikak etxean jasotzeko laguntza behar dutenek, 11:00ak aurretik hots egin edo idatzi behar dute telefonoz (617 377 172).