Gertu egonda ere, urrun
Poliziaren kontrolak daude ipar eta hego Euskal Herriko mugan eta baldintza konkretuak betetzen dituztenak bakarrik igaro daitezke. Goierritar ugari dago mugaz beste aldera edo atzerrian, itzultzeko zer egin behar duten galdezka.
Koronabirusaren hedapena eteteko ahaleginean, ugari dira azken egunotan espainiar estatuko gobernuak hartutako neurriak eta jakina zen, egunetik egunera, neurri horiek zorroztuko zituztela. Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak presazko agerraldian iragarri zuen, herenegun, Espainiako lurreko mugetan kontrolak ezarriko zituztela. Neurriak, baina, Espainiako mugez gaindikoak dira. Izan ere, atzo, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak iragarri zuen, Europar Batasuneko mugak astearte eguerditik aurrera itxiko zituztela.
Atzo sartu zen indarrean mugak ixteko agindua, eta lehen ordutik, Poliziek banan-banan eskatu zieten dokumentazioa Iparraldetik Hegoaldera zetozen gidariei. Izan ere, Espainiako herritartasuna dutenek, bertan bizi direnek, lanerako muga igaro behar dutenek eta ezinbesteko arrazoiak ziurtatzen dituztenek bakarrik dute baimena.
Azkaindik Segurara
Duela aste irudikatu ezina zen moduan aldatu da herritarren egunerokoa eta ugari dira, atzotik indarrean den mugen itxierak eraginda, beste herrialde batzuetan dauden goierritarrak. Egoera konplexua izaten ari da haientzat.
Lierni Elortza Segura Irratiko kazetaria eta GOIERRIKO HITZAko kolaboratzailea, Azkainen (Lapurdi) bizi da, Goierritik ordubetera. Beste edonork bezala, autoa baliatzen du lanera joan ahal izateko, baina beste batzuek ez bezala, muga igaro beharko du, hurrengo asteetan horrek suposatuko duenarekin. Iparraldetik Goierrira etortzea «laneko paper ofiziala aurkeztuz gero ziurtatua» duela dio. Baina etxera bueltan aurki ditzake eragozpen gehien. Beraz, «sartu-irtena egiteko beharrezko dokumentazioaren inguruan informatzen» ari da.
Bitartean, argi utzi du Segura Irratiaren emisioak aurrera jarraitzen duela: «Niri dagozkidan irratsaioetan lana aurrera nola atera moldatzen ari naiz». Ordiziako azokako kronika ere egiten du, eta gaur-gaurkoz, dauden zorroztasun baldintzetan irratsaioak egin ahal izateko, aurrez egin beharreko «beharrezko koordinazio lanak» egiten ari da. Fisikoki irratian egoterik ez badu, «beste alternatiba bat prest» dutela dio.
Jarrera kritikoa
Muga igarotzeak sor ditzakeen arazoaz harago, «ikuspuntu oso kritiko batetik, baina umiltasunetik», ipar eta hego euskal herriko gizartean egunotan sumatu dituen desberdintasun nabarmenez mintzatu da Elortza. Azpimarratu du, bi herrialde desberdinetan kokatzen diren eremuak izanda, egoera soziopolitikoa ere desberdina dela: «Ez naiz soziologian aditua eta irudipen hutsa da, baina 40 urtez bizi izandako inposaketak inskonzienteki gure buruan darraiela iruditzen zait. Hegoaldean debekua inposatu orduko betetzen hasi zen inongo ahots kritikorik gabe eta zalantzan ezer jarri gabe, zer gertatzen zen galdetu ere egin gabe, erabateko obedientziari men eginez, beldurraren menpe. Eta Iparraldean jarrera kritikoagoa dute herritarrek». Irmoki hartu beharreko neurriak hartzearen alde da noski baina erreflexio falta sumatu du. «Pello Zubiriaren Koronabirusak mundua lurralde ezezagun batera eraman du artikulua aintzakotzat hartzekoa da eta orain ahots batzuk entzuten hasi dira duela egun batzuk ez bezala».
Polonian harrapatuta
Erasmus bekarekin Poloniako Gdansk hirian dago otsailetik Ekaitz Zabala urretxuarra. Bera bakarrik ez, Eusebio Zabala eta Maria Elena Gallego gurasoak ere Polonian daude. Semea bisitatzeko asmoarekin joan ziren, eta orain, koronabirusaren pandemia dela eta, etxera bueltatu ezinda daude, Poloniako autoritateek, aire zirkulazioa eten dutelako. Gazteak adierazi duenez, «Polonian koronabirusagatik gaixotutakoen kopurua ez da handia baina neurriak hartzen hasiak dira, herritarrak kalera ateratzeko arazorik ez dago, baina jatetxeak eta tabernak adibidez itxita daude». Horrek suposatzen duenaz harago, gurasoak etxera nola bueltatu, horrek kezkatzen ditu. «Ostegunean zuten bueltatzeko hegazkina, baina hegaldiak bertan behera gelditu dira».
Egoera horretan, Eusebiok kontatu du «Espainiako enbaxadara jo» dutela «laguntza eske». Haserre dago eta salatu du «ezer garbirik ez dietela esaten ez inork eta ez inon». Enbaxadan irtenbiderik eman ez dietenez, haien kasa ari dira Urretxura bueltatzeko modu baten bila. «Indefentsio egoeran gaude, eta hemen inork ez du ezer egiten».
Koronabirusaren krisia amaitu arte mugak itxita.
Koronabirusaren krisia amaitu arte, Espainiako Gobernuak, herenegun azaldu zuenez, muga igarotzeko debekua dute Espainiako nazionalitatea ez dutenek edo egoiliarrak ez di- renek, ez bada pisuzko arrazoi batengatik bederen —lanera joatea, adibidez—.
Halaber, neurriak ez die era- gingo mugaz gaindiko langile- ei; garraiolariei, adibidez. Azaldu zutenez, helburu nagusiak dira «jarduera ekonomikoa ez etetea eta produktuen sartu-ir- tenarekin jarraitzea».
Espainiar estatuan bakarrik ez, Europar Batasun osoan izango dira mugikortasun ara- zoak. Izan ere, Europakoak ez diren herrialdeen eta EBren ar- teko bidaia guztiak 30 egunez etengo dira.
Egun atzerrian dauden eta iztuli nahi dutenei «enbaxada eta kontsulatuetara jotzeko» eskatu diete. Europar Batasunean dagoe- neko «40.000 kutsatu» daude.