«Kezka handiena Batxilergoko ikasleen jarraipena da»
Koronabirusa dela eta, ikastetxeak itxita daude. Montse Alkorta (Urretxu, 1960) eta hezkuntza arloko gainontzeko langile guztiak ez ohiko egoera bizitzen ari dira.
Nola antolatu duzue lana?
LH5etik aurrera erraza izan da, ikasle guztiek baitute jarraipena egiteko aukera eta irakasleek ordutegi bat jarri baitiete ikasleei. Ikasleak irakasleekin konektatzen ari dira. Adibide bat jartzearren, 08:00etan Euskara badute, Euskaran sartu behar dira. Irakaslea bertan dago eta lanak agintzen dizkie, jarraipena egiten die…
Eta gainontzeko ikasturteetako ikasleak?
Etxeko lanak bidaltzen zaizkie. Gure artean koordinatzen ari gara bidali beharreko lanak adosteko, lanak bidaltzeko erabili beharreko plataformak zehazteko eta on-line lan egin ahal izateko. Drive bidez lan egiten dugunez, irakasleek etxeko lanen jarraipena egin dezakete.
Zer moduz ari dira erantzuten ikasleak?
LH5etik aurrera oso erraza da, era digitalean lan egitera ohituta baitaude. Drive, irakaslearekin on-line komunikatzeko aukera… dituzte. Beheko mailetan gehiago ari zaigu kostatzen nola lan egin adostea. Izan ere, era digitalean lan egiteko ohitura txikiagoa da. Gainera, modu digitalean lan egitea ahalbidetzen duen material gutxiago dago. Familiak babestuta sentitzea nahi dugu eta horretarako irakasleak sarritan jarriko dira beraiekin harremanetan posta elektroniko bidez. Bideokonferentzia bidez gauza asko egin daitezke gaur egun, baina taldeka konektatu behar dugu plataforma erori ez dadin. Ordutegi bat jarri beharko dugu.
Zer diote gurasoek?
Oso jarrera ona erakusten ari dira. Oso dei gutxi jaso ditugu. Esan bezala, DBH azpikoei mailez bidaliko dizkiegu etxeko lanak. Inprimatzeko arazoak dituztenak ikastolara etor daitezke eta bertan emango dizkiegu, baina oso gutxi etorri dira. Gurasoen jarrera oso ona da. Beno, gizarte osoaren jarrera da oso ona. Honek guztiak ezustean harrapatu gaitu, baina arduratsu jokatzen ari gara.
Etxe guztietan al dute ordenagailua?
DBH1etik aurrera ikasle bakoitzak bere ordenagailua du. Ikastolan bakoitzak bere ordenagailuarekin lan egiten du. Hortik behera, familia gutxi batzuk bakarrik azaldu dute arazoa. Familia horiei, ordenagailuz egin behar dutena paper euskarrian bidaliko diegu.
Zer diote gurasoek etxeetan bizi duten giroaz?
Batzuei kostatzen ari zaie egoera berrira egokitzea, kasu batzuetan zaila baita kontziliatzea. Baina lasai ageri dira eta ez dugu inongo oztoporik nabaritu. Konplizitate handia nabaritu dugu eta guztion artean egoera hau gaindituko dugula diote.
Ikastetxea zabalik al dago?
Oraingoz, idazkaritza eta zuzendaritza hemen gaude. Astelehenean irakasle dezente egon zen hemen, irakasleak ikastetxera ez etortzearen aholkuak tokiz kanpo harrapatu baitzituen. Jendea materialik gabe joan zen etxera. Baina ahalik eta gehien etxetik lan egitea aholkatu dute. Hori dela eta, material guztia etxera eraman ondoren, etxetik lan egiten ari dira.
Zer diote irakasleek?
Ostegunean jada urduritasun handiarekin bizi genuen egoera. Ordu gutxitan mezuak aldatu egin ziren. Hasieran langileok lanera etorri behar ginela esan ziguten eta ondoren telelana egitea aholkatu ziguten. Hori dela eta, astelehenean HHko eta LHko irakasleak hemen izan ziren, lana antolatzeko. DBHtik gorakoekin, berriz, bideokonferentzia egin genuen. Gaur (atzo) irakasleren bat etorri da materiala jasotzera, baina gehienak etxetik ari dira lanean. Ikasleekin kontaktu zuzena dute eta ondo ari dira. Digitalki lan egiteko gai garen neurtzeko aukera da. Hau guztia pasatzen denean, etxeetan izan duen inpaktua neurtu beharko da. Etxetik ordenagailu bidez lan egitea ez da erraza. Estresagarria dela diote, ikasleen zalantzak banaka erantzun behar baitituzte.
Honek guztiak ikasketen martxan eragina izango al du?
Maila batzuetan, seguruenik bai. Gure kezka handiena Batxilergoko ikasleen jarraipena da. Gaur bertan selektibitate proba atzeratzea aztertzen ari dira, baina hala ere eragina izango du: ez dakigu noiz itzuliko garen normaltasunera, eguneroko martxa berreskuratu beharko da, lehengo ohituretara itzuli beharko da…
Egoera hau asko luzatzen bada, azterketak egingo al dituzue?
Ez dugu azterketarik egingo. Hau guztia bukatzen denean, ikasle bakoitzaren prozesua aztertuko dugu: nola egokitu den, zer nolako lana egin duen, egindako lana baloratuko dugu… Gurasoei bidalitako mezuan argi eta garbi esan genien azterketarik ez zela egingo.