«Beharrezkoa eta zentzuzkoa denean bakarrik irten daiteke»
Biztanleriak, oro har, bakartze arauei kasu egin diela eta eskerrak eman ditu Lazkaoko udaltzainburu Mikel Zabalak. Adineko askok ez dute barneratu, eta lantzen ari dira.
Nola ari zarete egoerari aurre egiten?
Jendeari oinarrizko neurriak hartzeko eskatzen ari gara. Banaka joateko ari gara esaten, baina derrigorrezkoa bada kotxea hartzea adibidez, eta bi joatea, bigarrenak kopilotuaren atzeko eserlekuan joan behar du, gidariarengandik ahalik eta urrutien. Udaltzainak, bestetik, geure arteko neurriak ere hartu ditugu: garbitasun gehiago, kotxeak garbitu, eskularruak eta aho-estalgarriak baditugu…
Udaltzaingoaren zerbitzua nola antolatu duzue?
Gure presentzia egongo da kalean. Astegunetan horrela izan da. Orain zubia eta asteburua dator, eta txandak antolatu ditugu gure presentziak jarraitzeko. Ez da egunero bezalakoa egongo, plantilla oso motza daukagulako. Gainera, kalkulatu behar da hau luzerako doala, eta baliabideak ezin ditugu berehala erre. Kutsadura arriskua ere badaukagu, eta denak batera lanean aritzeak ez dauka zentzurik; gu eroriz gero, ez daukagu ordezkorik. Gaur eta igandean, ordu eta erdi edo bi orduro tartekatuko gara, goizean eta arratsaldean. Ostiralean eta larunbatean zerbitzu normala egongo da.
Herritarrak nola ari dira erantzuten alarma egoerako neurrien eta murrizketen aurrean?
Bi eratakoak daude: batzuk kontzientziatuta daude egoerarekin, eta distantzia uzten dute. Besteak ere badaude, ordea, kalera edozein gauzatara irteten direnak. Eta, esan behar da, bereziki edadeko jendea dela gehiena bigarren multzo horretakoa. Adineko asko galduta daudela ikusten dugu, ez dituzte emandako pautak normaltzat hartzen. Kolektibo horrekin ari gara bereziki egoera lantzen.
Zein dira gomendioak edo aginduak edadekoentzat?
Ezin dira atera, behar-beharrezkoa baldin bada bakarrik. Seme-alabez baliatu behar dute. Udalak 70 urtetik gorako pertsonei deitu die, nola dauden jakiteko eta senitartekorik baduten erosketak egiteko. Edadekoa etxean gera dadila lortu nahi dugu.
Laguntza behar duenak, zer?
Laguntza eskatzen duenari eta horiei botikak edo janaria erosteko eta eramateko, udalak antolatu du zerbitzu bat. Bizilagunek zerrenda prestatzen dute, edo txartela utzi farmazian botikak hartzeko. Oso jende gutxi dago oraingoz zerbitzu horren premian, bi edo hiru lagun bakarrik. Badirudi jende gehienak familia duela laguntzeko, eta alde horretatik lasai gaude.
Eguneroko paseoa kentzea gogorra egingo zaio askori.
Eguraldi onarekin batez ere, paseatu nahi dute. Baina une honetan ezin dute, ez da justifikagarria irteteko. Kalean dabilen asko ikusita, ez dauka zertan ibili. Momentuz, abisatzen aritu gara, baina kasu egiten ez duen jendeari isunak jartzen hasi beharko dugu. Edo denek batera jokatzen dugu, edo ez dago zereginik. Etxean egon behar dugu, eta beharrezkorako soilik irten.
Nola zehaztu liteke zer den beharrezkoa eta zer azalekoa?
Jendeari zalantza asko sortzen zaizkio: aita gaizki dagoela eta joan naiteke? Edadekoak zaintzeko esaten zaio, umeak zaintzeko. Desplazamenduak oso oinarrizkoak izan behar dira. Horien aurrean, ezin da esan etxean geratzeko. Behar-beharrezkoa eta zentzuzkoa denean, esaten zaie. Behar baldin bada, inork ez dizu esango ezetz. Pikareska beti sortuko da, baina beno. Lehendabizi pertsona da; kontsigna hori eman digute. Bai Ertzaintzatik, bai Udaltzaingotik, beti esan zaigu: beti pertsona. Eta duda baldin badago, beti pertsonaren alde egin.
Ertzaintzarekin koordinatuta ari zarete?
Egunero hitz egiten dugu, eta udaltzainburuak astero Tolosan biltzekotan geratu gara, astelehenero. Telefonoz ere une oro ari gara. Ertzaintza ere etengabe dabil kalean, eta gure artean koordinatzen ari gara. Gure lana kalean egotea da momentu honetan, eta jendearen segurtasuna ziurtatzea. Hori da lehena.
Biztanleriaren jokabidea nola baloratuko zenuke, oro har?
Jendea eskertu nahi dugu. Guri ez zaigu tokatu inor kaxkar jartzerik, ondo barneratzen du. Jende piloa ari da etxean geratzen, eta kontziente da. Ez da tontakeria, eta eskertza bidali nahi diegu hemendik, arauak betetzen ari direlako gehienak. Jende asko ari da lan egiten bizitza ahal den normalen eramateko, garraioan, medikuak eta osasuneko langileak, gu…
Gomendio nagusi eta bakar bat ematekotan, zein?
Behar-beharrezkoa ez baldin bada irtetea, geratu etxean. Kutsatzea oso erraza da. Beti besteak izango direla uste dugu, baina edozein gaixotu liteke. Eta behin gaixotutatoan, familia osoak geratu beharko du berrogeialdian.