Ez ohiko egoera eta salmenta
Esker oneko hitzak izan dituzte Ordiziako plazan postua jarri duten bederatzi saltzaileek: batetik, bezeroentzat, «erantzun dutelako»; eta bestetik, udalarentzat «egindako ahaleginagatik».
S upermerkatu eta janari dendak irekita eta azokarik ez? Nonahikoa salgai eta gure gertueneko ekoizpenentzat salmenta gunerik ez? Harridura nagusi. Logikarik gabeko egoera honen aurrean hainbat elkarte eta norbanako irteera bila hasi eta atzo 9 ekoizle izan ziren Ordiziako Plazan. Bezperan antzekoa egin zuten Azpeitian.
Arantza Zurutuza, Agapito Garmendia, Montes, Judit Gartzia, Patxi Arizmendi, Juan Antonio Elosegi, Esther Illarramendi, Miren Jauregi, Beñat Telleria eta Iñaki Intxausti izan ziren postua jarri zutenak. Iñaki Intxaustiren esanetan, «betiko bezeroak ondo erantzun du, gazteek bereziki. Neurri zorrotzak ere egokiak izan dira. Hau mantentzea garrantzi handikoa da. Denok ohikora itzultzea da nahi nagusia baina bitartean hau ondo dago».
Beñat Telleriaren ustez, «produktu freskoak ditugunok, hemen ez bada, non saldurik ez dugu. Ekoizleak lehenestea ere garrantzizkoa eta estimatzekoa izan da». Arantxa Zurutuzaren arabera, «bezeroan artean denetik» nabaritu du: «Beldurtuta batzuk, gertatzen ari denaren aurrean harrituta denak, baina jokaera normal antzekoan ere asko». Bestalde, Judit Gartziak argi du: «Hauek denak probak dira, egokitu behar dugulako». Eta denek, aho batez, esker oneko hitzak izan dituzte «hau egitea posible egin dutenentzat».
Apustuan asmatu da
Horretan bat zetozen denak. Adur Ezenarro herriko alkatea ere bai, asteroko azokako bezeroa da: «Hau ez da azoka, oso kontziente gara hortaz, 65 postutik 9ra ekarria da. Asko kostatu zaigu baina uste dugu baserritarrek beraiek ekoizten dutena saltzeko aukera izan behar dutela. Azkenean elikadura salmenta da baimenduta dagoen salmenta bakarra. Hornidura mota hau ezin da eten eta saiatu gara segurtasun neurri guztiak aplikatu eta salmenta antolatzen. Lortu dugula esango nuke saltoki handietan baino neurri are zorrotzagoekin, lortu da eta esfortzuak merezi zuen».
Hala ere, kezka islatu dute bitartekari diren saltzaileek: «Guk ere jakiak saltzen ditugu, gazta, lekale, intxaur… eta dendarik ez dugunez salmenta iturria moztua dugu». Hauek oraindik ez dute argirik ikusten.
Zailtasunak zailtasun jaten segitu behar dugu. Bertakoa eta gurea aukeratu eta bultzatu dezagun. Nekazal mugimendu ezberdinetik datorren deia da hau. EHKOlektiboarena egun hauetan sare sozialetan entzun ahal izan dugu: Baserriko plaza Euskal Herriko baserri txikietako ekoizpenen banaketa sarea sortzen ari dira. Gertuko baserritarren ekonomia babesteko katea, alegia. Interesatuak baserrikoplaza@gmail.com postara idatzi eta hortik aurrera garatuko da sistema osoa, web gunea prestatu eta ezohiko egoera honetan eskainiko dutenaren zain.