Honetara ere moldatuko gara
Gizakiaren ezaugarri nagusietako bat egoera ia guztietara egokitzeko ahalmena da. Honetara ere moldatzen hasi gara, Zumarragan ikusi ahal den moduan.
Koronabirusak arriskuan jarri gaitu eta gure egunerokoa goitik behera aldatu du, baina pixkanaka urduritasuna eta beldurra desagertzen ari dira eta baikortasuna eta elkartasuna nagusitzen. Izan ere, gizakiaren ezaugarri nagusietako bat egoera berrietara egokitzeko ahalmena da. Atzo bertan ikusi ahal izan zen Zumarragan.
Zumarragarrak, gainontzeko goierritarrak bezala, duten onena ematen ari dira. Astelehenean alderdi guztietako ordezkariek agerraldia egin zuten elkarrekin lan egiten ari direla jakitera emateko eta adostu dituzten neurrien berri emateko. Gutxitan ikusi dugu halakorik.
Herritarren babesari lehentasuna emango diote. Batez ere, adinekoen babesari. Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileen babesa bermatuko dute, bakarrik bizi diren adinekoei bazkaria eta afaria eramango diete, eguneko zentroetara joateari uzten dietenei eta bakardade egoeran bizi direnei jarraipena egingo diete eta etxebizitzarik ez dutenei laguntzen saiatuko dira.
Bestalde, udalak merkatariei, enpresariei eta autonomoei laguntzeko modua aztertuko du. Iazko aurrekontuko soberakinaren zati bat horretara bideratzea aztertzen ari da.
Ikastaroetan izena eman zutenek eta Ispilla kiroldegiko erabiltzaileek ez dute kuotarik ordainduko. Gainera, udalak prozedurak tramitatzeko zituen epeak eta zergen kobrantza eten egin ditu.
Garbiketari dagokionez, kaleak eta igogailuak koronabirusari aurre egiteko produktuekin garbitzen ari dira.
Horretaz gain, TAO guneak bertan behera utzi dituzte eta zama lanetarako ordutegia eguneko 24 orduetara zabaldu da, premiazko zerbitzuak ematen dituzten establezimenduen hornidura bermatzeko.
Udalarekin harremanetan jarri nahi dutenek, 943 72 90 22 zenbakira deitu behar dute edo informazioa@zumarraga.eus helbidera idatzi.
Etxera atera ezin direnei lagundu nahi dietenek 945 22 22 22 (Gurutze Gorria) edo 688 66 27 73 (Caritas) telefono zenbakietara deitu behar dute. Boluntarioek erosketak egingo dituzte, zaborra jaitsi, maskotak atera…
Herritarrak arduraz jokatzen ari dira. Egoeraren larritasunaz jabetuta, elkarri laguntzeko eta txikikeriengatik ez haserretzeko joera zabaldu dela dirudi. Zabalik dauden establezimendu txikietan herritarrak banan-banan sartzen dira eta denda handietan erosle kopurua mugatu dute. Jendea metro eta erdiko distantzia errespetatzen ari da eta atzo goizean Zumarragako Eroskiko jende ilara elizaraino heldu zen. Dendetako langile asko eskularru eta maskarillekin lan egiten ari dira eta bezeroak beraien aginduak betetzen ari dira.
Denbora-pasak
Herritar askok erosketako irteeratxoa apur bat hitz egiteko baliatzen dute, baina gainontzeko denbora guztia etxean egon beharra dago. Pixkanaka, eguna ahalik eta modu atseginenean pasatzeko modua aurkitzen ari dira: ariketa fisikoa, dantza, jolasak, Aitaren Egunerako marrazkiak…
Udalak, bandak, txistulariek eta musika eskolak 17:00etatik 20:00etara beraien etxeetako balkoietan musika jotzea proposatu diete herriko musikariei. Gainera, Zumarragako Udalak musika jarriko du plazan: 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Mikel Serrano alkateak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei. «Herritarrak zoriondu nahi ditut. Nahiz eta neurri gogorrak hartu diren, apenas egon da gorabeherarik. Orain arte bezala jarraitzera gonbidatu nahi ditut».
Balkoiak, etxeko altxorra
Gauzak zentzuz egiten ari direnen artean, Maite Quevedo eta bere sendia daude. «IKT On enpresan lan egiten dut eta etxetik lan egiten ari naiz. Seme-alabak etxean egonda, ez da erraza. Senarraren enpresan lan egiteari utzi diotenez, bera ari da arduratzen etxeko lanez».
Seme-alabak ondo moldatzen ari direla dio. «Errutina mantentzen saiatzen ari gara. Gainera, irakasleek lan asko eman diete. Zaharrenak musika eskolako irakaslearekin bideokonferentzia izan du eta ingeles eskola on-line jaso du. Bestalde, balkoira mahai bat atera dugu eta grazia egiten die gainontzeko balkoietan ere jendea gauza ezberdinak egiten ari dela ikusteak», amaitu du Quevedok.