Igartza literatur sorkuntza bekaren 23. edizioa zabalik dago
Ekainaren 30era arte bidali daitezke lanak. Ana Jaka, Irati Jimenez eta Garazi Kamio idazleek osatuko dute epaimahaia. Irabazleak 6.000 euro jasoko ditu
Igartza literatur sorkuntza bekaren 23. edizioa martxan da. Beasaingo Udalak parte hartzeko betebeharrak onartu eta argitaratu ostean, idazle hasiberriek euren ideiak bidaltzeko epea zabaldu da. Ekainaren 30era arte bidali ditzake. Aurkeztu beharrekoa zera da: landu nahi duten kontakizunaren azalpen laburra, 15-20 orrialdeko idazlanaren lagina eta egilearen datuak. Udalaren sarrera erregistro gunean momentuz itxita dagoenez, bidalketa guztiak udaletxeko erregistro elektronikoa erabilita egin beharko dira.
Parte hartzeko baldintzak aurreko urteetako berdinak dira: idazle gazteei bideratuta dagoenez, 35 urte bete gabeak izan beharko dira. Era berean, irabazlea hasi berria dela bermatzeko, ezingo ditu helduentzako bi liburu baino gehiago argitaratuta eduki. Aurretiaz Igartza literatur bekaren titularra ere ezingo da izan. Esan gabe doa, lanak euskarazkoak eta jatorrizkoak izan behar dutela.
Xabier Matarranz kultur zinegotziak Orriz orri, eskutik eskura ekimenaren aurkezpenean aipatu zuen Beasaingo Udalaren ardura bi norabideetakoa dela: «Irakurzaletasuna sustatzen dugu, baina horretarako, idazleak ere behar ditugu». Hala, udalak 1.000 euro jartzen ditu bekarako. Elkar fundazioak beste 1.000 euro jartzen ditu, eta CAF enpresak 4.000.
23. edizioko irabazlea nor den irailean jakinaraziko dute. Ana Jaka, Irati Jimenez eta Garazi Kamio idazleak izango dira epaileak. Sarituak ez ditu bekarren 6.000 euroak batera jasoko: erdia izendatua izatean jasoko du, eta beste erdia liburua argitaratzean. 2022ko udaberrian plazaratu beharko da aurtengo lana.
Idazle handien hasiera
Igartza literatur bekak saritu dituen gazteak, gerora, idazle handiak bilakatu dira. Julen Gabiriak lortu zuen lehen beka, eta atzetik etorri dira, besteak beste, Jasone Osoro, Fernando Morillo, Unai Elorriaga, Karmele Jaio, Uxue Alberdi, Jon Martin, Katixa Agirre, Danele Sarriugarte, Kattalin Miner, Miren Amuriza eta, azkena, Erika Elizari.
Idazle hernaniarrak martxoaren 3an argitaratu zuen Zendabalitz lana. Irati Goikoetxea beasaindarra, berriz, Herriak ez du barkatuko obra idazten ari da. Beasaindarrak irabazi zuen 22. edizioa, eta «ezberdinen arteko bizikidetzaren aldeko jarrera erakusteko» asmoa du. Ondo bidean, datorren urteko martxoan aurkeztuko du azken emaitza.