Kontzertu inprobisatua leihoan
Musika ekipoa leihora atera eta bizilagunen itxialdi orduak xamurtzeko kontzertua egin du Agresion Verbal taldeko DJ Sbansek, San Isidro auzoan, Zumarragan
Matthieu Kassoviten La haine (Paris, 1995) filma Parisko langile auzo batean gertatutako istorioan kokatzen da. Une batean, protagonistetako batek, musika ekipoa leihora atera eta bertatik, auzo guztiarentzat musika egiten ikus daiteke. Egunotan, sare sozialen bidez polbora bezain azkar hedatu da, La haine filma gogorarazten duen bideo bat. Zumarragan gertatu da. Agresion Verbal taldeko kidea eta Ni Nai Hip Hop mugimenduaren sortzaileetako bat den DJ Sbans da protagonista.
«Duela urtebete La Haine filmeko une bat irudikatu nahian, musika ekipoa balkoira atera eta bideoklip bat kaleratu nuen», kontatu du Bingen Gomez DJ Sbansek. «Koronabirusagatik itxialdian zer egin buruari bueltaka nengoen eta leihoan, zigarro bat erretzen, parean bizi den gizon batek animatuta, itxialdia luzarako joango denez, aurreragorako pentsatua nuena, gehiago itxaron gabe egin nuen».
Burua astindu eta irudimena baliatuz, une bitxiak bezain bereziak bizi dituzte herritarrek egunotan. Kontzertu aretoak itxita daude, baina etxeko balkoia eskenatoki inprobisatu bihurtu zue DJ Sbansek, beste behin ere.
San Isidro auzoan «adineko jendea bizi da batez ere» eta uste zuen, «jendeak erantzungo ez» zuela. Baina oker zegoen. «Gazteenak atera ziren lehenik, eta adin gehiagokoak ondoren. Hasiera batean ordu laurdeneko saioa izan behar zuena, ordu eta erdikoa izan zen. Bizilagunek, ziur, eskertu zutela. Hala kontatu du protagonistak: «Txalo zaparradarekin amaitu zen emanaldia eta eskerrak eman zizkidaten, leihotik leihora».
Sare sozialen boterea
Kalera ateratzeko askatasuna hain garesti dagoen egunotan, sare sozialek sekulako indarra hartu dute. Zumarragan gertatutako istorio hau ere protagonistak berak uste baino «askoz azkarrago zabaldu» zen herrian bertan. Egoera berezi honetan, «ezingo dira gauza asko egin, baina daude beste baliabide batzuk». Gertukoen itxialdi orduak xamurrago egiteko ideia polita izan du, eta ez hori bakarrik, uste baino gertuago dauden artisten lana ezagutzeko aukera bat ere bada.