Segura eta Legazpiko aste santuko prozesioak ere bertan behera gelditu dira
Segura, Legazpi, Pasai Donibane, Azkoitia eta Hondarribiako batzordeek adostu dute erabakia. Segurako prozesioa oso aspaldikoa da; 1730. hamarkadakoa da dokumenturik zaharrena
Koronabirusaren hedapenak ez du ezagutzen federik. Covid19-aren zabaltzearen aurkako neurriak direla eta, bertan behera gelditu dira Segurako zein Legazpiko aste santuak ere. Eta horrekin batera, kalera ateratzen dituzten santuen prozesioak. Segurakoa aspalditik antolatzen du herriko talde batek, eta Legazpin, berriz, 2018an berrekin zioten duela 42 urte galdu zen ohiturari.
Segurako Aste Santuko prozesioa antolatzen ibili da Laureano Telleria azken 40 urtetan. Azaldu du inoiz ez duela antzekorik bizi izan: «Ez nik, eta ez nire guraso eta aiton-amonen belaunaldiak ere, nik dakidala». Apirilaren 9 eta 10eko ostegun eta ostiral santuan ez da festa girorik izango osasun arrazoiengatik: «Okerragoa litzateke jendea animatzen ez delako utziko bagenio prozesioa antolatzeari».
Antzinako desfilea
Oso aspalditik ospatu izan dute aste santua Seguran: «300 urtetik gora direla esango nuke; 1730eko hamarkadako dokumentu batek dio ‘antzina-antzinatik’ egiten dela», azaldu du Telleriak. Aldaketarik izan du, baina itxura eta egituraz antzekoa da gaur egungo eta XIX. mendeko prozesioa, Telleriak berak azaldu duen bezala: «1892ko argazki bat daukat; bertan agertzen diren jantziak eta figurak berdinak dira».
Bi urteren ostean, etena
Legazpiko prozesioak, bestalde, ez du hain ibilbide luzea izan. 1978an atera zituzten pasoak kalera azken aldiz, eta 2018an, 40 urteren ondoren, berriro egitea erabaki zuen 70 lagunez osatutako herritar talde batek. Lehen urte hartan, zortzi paso atera zituzten kalera 48 pertsonen artean. Aurten ere giltzapean geratuko dira figurak.
Bost herriren erabakia
Segurako aste santu batzordeak, Legazpiko Vera Cruz kofradiak eta Azkoitiko, Pasai Donibaneko eta Hondarribiko parroki kontseiluek adostu dute ekitaldiak ez egitea, «bizitzen ari garen egoera berezien aurrean osasun sailak nahiz Donostiako eliz barrutiak egin dituzten gomendioak jarraituz», azaldu dute.