Errigorak 1.500 eskaeratik gora jaso ditu Goierrin
Errigora egitasmoaren Eskutik Eskura neguko kanpainak harrera ona izan du. Lantegiek eta ikastolek ere parte hartu dute. Eskaeren erdiak olio poteak dira
Aste honetan bukatu da Errigora egitasmoaren Eskutik Eskura kanpaina, eta azken urteetakoaren bide beretik, aurten ere harrera ona izan du goierritarren artean. Guztira 1.526 produktu lote saldu dira eskualde mailan; horietatik ia erdiak 757 olio poteak izan dira.
Xabier Albizu Errigora egitasmoaren Goierriko koordinatzaileak «kanpaina ondo» joan dela azaldu du, eta oraindik datu guztiak aztertu ez badituzte ere, aurtengo emaitzak onak izango direla uste du. Norbanakoek egindako eskariez gain, lantegietan eta ikastetxeetan egindako kanpainak nabarmendu ditu Albizuk. Izan ere, eskualdeko enpresa nagusietan egindako bilketan 301 eskaera jaso dituzte. Besteak beste, CAF, Ampo, Irizar, Gerra, Jaso, Orkli, Eredu eta Ederfil enpresek parte hartu dute. Goierriko bost ikastolen eta Goierri Eskolaren artean berriz, beste 247 eskaera egin dituzte.
Banatzeko zailtasunak
Errigora egitasmoak ohartarazi duenez, koronabirusaren pandemia dela eta, zailtasunak izaten ari dira, bai eskarien eskuorriak jasotzeko eta baita produktuen banaketa ohiko epeetan eta betiko bideetatik egiteko ere. Gogorarazi dute, une honetan «herritarren osasuna zaintzea lehentasunezkoa» dela, baina hala ere, «ahaleginak eta bi» egingo dituzte eskaera guztiak jaso eta epeak mantentzeko. Baliteke, ordea, produktuak jasotzerakoan atzerapenen bat izatea.