Kaleak basamortu bihurtu dira
Beasaingo herritarrak zintzo ari dira berrogehialdia betetzen. «Herritarrak erakusten ari diren jarrera eta adorea eskertzekoa da», dio Aldasoro alkateak.
Beasainek western baterako lokalizazioa dirudi egunotan. Kalez kale haizeak eramaten duen sastraka besterik ez da falta. Oso jende gutxi dabil kalean, eta gizarteak ongi barneratu du soilik beharrezkoa denean atera behar dela. «Ikasten ari gara. Ostegunean, alarma egoera hasi zenean, jendea pintxopotera atera zen. Larunbat goizean ere bateren batzuk atera ziren, baina gutxiago. Gaur, are gutxiago dabiltza kalean», laburbildu du Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak. «Bateren bati esan behar izan diogu etxera joateko, baina orokorrean arazo txikiak izan dira». Ertzaintza eta udaltzaingoa dabiltza kaleak zaintzen eta soilik egoera zehatz batzuetan irten daitekeela gogoratzen.
«Zakarrak botatzera eta erosketak egitera bakarrik irteten naiz», aipatu du Xabier Arresek. Kristina Iartza ere ahalik eta gutxienetan irteten da: «Behar beharrezko erosketak bakarrik egiten ditut. Are gehiago, hemendik aurrera Internet bidez egiteko asmoa dut», zehaztu du. Sarea da egunotako salbazioa, askori lan egiten eta ikasten jarraitzeko aukera ematen baitio, eta amaierarik gabeko entretenimendua eskaini. «Lanera joateko irteten naiz kalera, baina gero zuzenean etxera», dio Iñigo Iruretak. «Herritarrak erakusten ari diren jarrera eta adorea eskertzekoa da», azpimarratu du alkateak.
Aldasorok onartu du egun zailak direla, eta gogorragoak etorriko direla ohartarazi du. «Marra gorrira gerturatzen goazen heinean, neurriak geroz eta estuagoak izango dira». Halere, lasaitasun mezua helarazi nahi du. «Emaitzak onak dira, eta herritarrak babesteko lanean ari da udala». Udal zerbitzuak itxita daude, baina barruan lanean dabiltza. «Adineko beasaindarren diagnostiko bat aurretik egina genuen, eta horri esker lehentasunak zehaztu ditzakegu eta banan banako arreta eskaini». Udalarekin harremanetan 943 028 050 telefonoaren eta udala@beasain.eus helbide elektronikoaren bidez jar daiteke. Herritarren artean laguntza sarea ere osatu dute. Alkateak, ekimen goresgarria dela aitortu duen arren, segurtasun neurriak zorrozteko eskatu du eta azpimarratu du administrazioak Elkartasun antolatuko guztion artea sarea sortu duela laguntza era profesional eta seguru batean eskaintzeko.
Elkarbizitza
Beasainen garbitasun neurriak ere zorroztu egin dituzte: «Ohiko egoeran eskola inguruak izaten dira gehien garbitu beharreko inguruetako bat. Orain, eskolarik ez dagoenez eta kalean ere zabor gutxiago pilatzen denez, aukera dugu desinfekzio lanak egiteko», azaldu du Aldasorok. «Heldulekuak, igogailuak, zaborrontziak… arreta bereziarekin garbitzen ari gara».
Etxean ordu asko igaro behar direnez, elkarbizitza ere mikaztu egiten da tarte batzuetan. Nagusiki, asperdura barruraino sartzen denean. «Etxean horrenbeste ordu pasata, aspertu ere egiten da bat», dio Arresek. Iartzak ere beldurra izaten du eguna luze egingo ez ote zaion: «goizetan kezkatuago egoten naiz, baina ongi ari gara moldatzen». Orokorrean, jendeak dio eusten ari direla, «besterik ez dago eta». «Ziur nago hamabost egun baino gehiago izango direla, baina honi ere egingo diogu aurre», borobildu du Arresek.