Sarrerarik ez, irteerak aldiz bai
Goierriko tabernak itxita daude koronabirusaren krisiagatik. Egoera zenbat luza daitekeen ez da segurua eta kezka adierazi dute tabernariek, ordezkari politikoek iragarri dituzten laguntzak nahikoa izango ez direlako.
Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiari aurreratuz, Goierriko tabernari askok larunbatean bertan itxi zituzten establezimenduetako ateak. Tabernariek, «kezka» agertu dute. Egoera hau noiz arte luzatuko den eta buelta nolakoa izango den, horretan dute burua, beste hainbat gauzen artean.
Enpresa txikientzat eta autonomoentzat laguntzak iragarri dituzte ordezkari politikoek, baina horrek ez ditu eskualdeko tabernariak lasaitzen. Ataungo Troskaeta tabernako Aitor Aldasorok esan du, «egoera berezia bezain arraroa eta zaila» dela. Batez ere, «alderdi ekonomikotik eta egunerokotasunetik». Diru sarrerarik «ez dago eta irteerak aldiz, bai, kontsumitzen ez dena ez da ordaintzen baina gastu finkoak betikoak dira». Oraintxe, gastu horiek nola kendu «borrokan» dabil, «zer egin daitekeen diru sarrerarik izan gabe, gastu hoiei aurre egiteko», hori da oraintxe duen kezka handiena.
Aldosorok haren emaztearekin batera lan egiten du tabernan, Hortaz, etxean sartzen den soldata, tabernatik jasotzen dutena da. Horrezaz gain, langile bat kontratatuta dute ordu batzuetarako.
Iragarri dituzten laguntzak «letra txikia irakurri gabe, autonomo kuota ordaintzeko malgutasunean izango» dela gogorarazi du , «eta ez kuota ordaindu beharko ez dela». Hori, «gutxiengo laguntza baino ez» dela dio. Gainera, gogoratu du, hori ez dela tabernari batek duen gastu bakarra. Telefono konpainiak eta Sgae aipatu ditu, besteak beste: «Hemen ez du inork galdu nahi. Autonomoak izango gara galduko dugun bakarrak».
Dena den, «egoera honek ikasteko balioko» duela uste du: «Asko dago ikasteko. Zoritxarrez izan ditugu beste krisi egoera batzuk, eta ikusi dugu orain arte ere, horrelako egoeretatik irabazten ateratzen dena beti kapitalismoa dela, berriz bide beretik goaz, badirudi gainera batzuen helburua horixe dela. Ikasi behar dugu egoera honi etekina ateratzen, herri baten alde eta bereziki Euskal Herriaren alde».
Beasainen, herri handiagoa izanda, nabarmenagoa da establezimenduen itxiera, are gehiago, San Jose zubia izanda. Juanjo Lasa, Basakana tabernako arduranak galdera asko egin dizkio bere buruari egunotan: «Ba al dakigu nola sortu den hau?; Hemendik urtebetera horrelako beste zerbait gertatzen bada, zer?; Aldaketa klimatikoa, bestelako interesak, globalizazioa.. zer dago gertatzen ari den horren atzean?». Hor kokatzen du abiapuntua.
Ekonomikoki izango dituen galerak alde batera utzita, «herritarren osasunak eta osasungintzan lanean ari diren profesionalengan», jarri du arreta. Uste du, neurriak ez direla behar den moduan hartu, hasiera-hasieratik, «zorrotzagoak» izan behar zutela iritzi du.
Urretxun ere, argazki beretsua. Apirilean 14 urte beteko dira Gaizka Oiartzabalek Motz taberna hartu zuela. Orain arteko ibilbidea «ez da erraza» izan, hala esan du eta orain, koronabirusaren krisia «15 eguneko afera balitz, modu batera edo bestera buelta emango genioke». Baina, badirudi, hori baino gehiago luzatuko dela.
Egun hauetan, zenbakiak egiten aritu da Oiarzabal. Taberna ireki gabe, «beste guztiek bezala gastu finkoak» ditu, «3.000 eurokoak gutxi gora behera». Egoera «oso txarra da benetan». Negozio asko «itxi egingo dira, eta beste askok, zulo ekonomiko handiak egingo dituzte, hilabeteak edo urteak beharko dira aurrikusten zaila den horri buelta emateko».