Sasi arteko lilia, herritar elkartasuna
Arrisku-multzo handienean dauden adineko herritarrei laguntzeko laguntza taldeak sortu dituzte. Erosketak egiteko eta eramateko boluntario andanak eman du pausoa aurrera.
Ekaitzaren erdiko aterpetxo edo basamortu erdiko iturria, koronabirusaren krisiak gizarte ondo ohitua astindu du. Oinarrizko eskubide eta mugimendu batzuk murriztuta edo debekatuta, edonoren aldartea iluntzeko moduko egoera izan liteke. Baina argi ugari piztu dira, krisiaren erdian ere. Horietako bat, elkartasun herrikoiz gorpuztutako laguntza taldeak, herritarrek herritarrentzat ideiatuak. Goierriko herri askotan sortu dira. Denetan, berriz, gizalegea eta laguntzeko borondatea ari dira nagusitzen, egituratu gabe ere.
Lazkaon lehengo ostiralean bertan jarri zuen Gazte Asanbladak martxan laguntza taldea, krisia lehertu eta biharamunean. «Protokolo batzuk badaude ezarrita, eta haiek hartu ditugu guk oinarri. Koordinatzaile bat izendatu dugu, aste bakoitzerako. Hark hartuko du jendearen laguntza eskearen deia, eta boluntarioei bideratuko die ondoren», azaldu du Ane Intsausti boluntario lazkaotarrak.
Oso zorrotz markatzen du protokoloak laguntza taldeetakoek egin dezaketena eta ez dezaketena. Erosketak etxera eramatea da helburua zenbaitetan botikak ere bai, eta horretarako lehenbizi eskatzailearen etxera diru bila joaten dira. «Dirua gutunazal itxian egon behar da sartuta. Eskularruak jantzita joaten gara. Behar dituen gauzen zerrenda egin behar du. Erosketa egin, eta eskularruak aldatzen ditugu. Diru sobera atzera sobrean sartu, eta erositakoak etxera eramaten zaizkio».
Lazkaoko taldean 30 bat boluntario batu dira. Oraingoz dei bakarren bat soilik jaso dute.
Udalak beharrak neurtzen
Laguntza talde herrikoiak antolatu, boluntarioz hornitu eta prest jarri dira. Dirudienez, oraindik ez da gizartean halako behar orokorturik sortu. Udalak, beren aldetik, edadekoen artean egoera diagnostikatzen ari dira, zer larritasun edo lehentasun leudekeen jakiteko. Bien bitartean, laguntza taldeak zain daude; askotan, informazio gehiago ez dute jaso udaletatik.
Ordizian, herritar batek jarri zuen lehen hazitxoa, laguntza taldea sortzeko. «Hernanin ikusi nuen sortu zutela, eta Ordizian ere adin handiko jendeak beharra izango zuela ikusita, bertan taldea sortzeko eskaintza egin nuen, partikularki. Udalarekin harremanetan jarri nintzen. Badakit udala adinekoei deika ari dela, beharrak ezagutzeko», dio laguntza taldea sortu duen ordiziarrak. Oraingoz ez diote laguntza taldea aktibatzeko hots egin udaletik; prestasuna agertu du berriro. «Denboran luzatuko denez, pentsatzen dut beharrak gehiago sortuko direla».
Bien bitartean, zenbait herritan komunikazioa falta da laguntza taldeen eta udalaren artean. Prestasuna agertu arren, berri gehiago ez dutela jaso kritikatu dute. Kasurik ez egitearen sentsazioa daukatela diote.
Beste batzuetan, udala bera ari da taldeak sustatzen eta zerbitzua prestatzen. Zaldibian, adibidez, premiazko lehengaien eta osasun produktuen banaketa bermatzeko ekintza-protokoloa idatzi du udalak. Udal langileek entregatuko dituzte erosketak, kasu horretan.
«Prest egon beharra dago»
Dena dela, eta konfinamenduak luzaro jotzeko eta zorrozteko itxura duenez, garrantzitsu jo dute taldeek aktibo eta antolatuta egotea. «Krisi hau denboran luzatzen den eran beharrak areagotuko dira. Edo normalean adinekoei zerbitzua ematen dien familiartekoak gaixotzen baldin badira. Ona da prest egotea eta taldea osatuta egotea», azaldu du Lazkaoko taldeko Myriam Aranburu boluntarioak.
Eta, batez ere, gizarte osoak, erakundeak buru direla, ureztatu ditzala sasi arteko liliak.