Itxialdiari aurre egiteko ekimenak
Txistulariak, bertsoak, danborrada, pintxo-potea, urtebetetzeak, musika... denetarik ikusi eta entzun ahal izan da egunotan Goierriko balkoietan. Itxialdi garaian, bizilagunekin "elkartzeko" eta aisialdirako toki ere bihurtu dira.
Konfinamendua ezarri zutenetik, denbora libreak ohi baino luzeagoak izaten ari dira. Horri aurre egiteko eta herritarrak aspertu ez daitezen, Goierriko hainbat herritan ekimen berriak sortu dira.
Gabirian eta Ordizian adibidez, txistulariak atera dira etxeko balkoietara musika saioa eskaintzera. Ormaiztegin ordea, Flying free bezalako abestiekin girotu dute iluntzea. Beasainen danborrada eta Beasaingo martxa jo dute etxeko edozein tresna erabiliz. Bukatzeko, Legorretako Guadalupe auzoko bizilagun guztiak ordu berdinean atera dira balkoira haien auzokideari zoriontzeko, Odei Lopezen bertso eta guzti.