Gurutze Gorria herritarren ondoan
Lasai, Gurutze Gorria hemen dago eta. Gobernuz Kanpoko Erakunde hau 1859an sortu zen eta ordutik munduko gatazka eta krisi guztietan laguntza humanitarioa eskaini du.
Gurutze Gorria Henry Dunant-ek sortu zuen 1859an, Solferinoko batailako zaurituak artatzeko. Ordutik, erakunde honek mundu osoko gatazka eta guda guztietan bere laguntza eskaini du. Koronabirusaren aurkako borrokan ere lehen lerroan jarri dira, noski. Gurutze Gorriaren laguntza badago, nola ez da ba krisi hau gaindituko?
Goierrin Gurutze Gorriak bi talde ditu. Bietan jo eta ke ari dira lanean. Goierri garaiko arduradun nagusiak Jero Casas eta Miren Maite Ruiz dira. Casas lehendakaria da eta Ruiz bulegoko arduraduna.
Biek urte asko daramatzate Gurutze Gorrian: Casasek 38 urte daramatza eta Ruizek 25 inguru. «Miren haurra zela ezagutu nuen», oroitzen du Casasek.
Sekula ez dute halako krisi bat ezagutu. «Inoiz ez dugu halako egoera larri bati aurre egin beharra izan. Berehala Goierri garaiko lau udalen esanetara jarri ginen. 30 bat boluntario gara. Horretaz gain, gazteen taldea dugu. Denok lanerako prest gaude. Udalen esanetara egoteaz gain, Gipuzkoako eta Espainiako Gurutze Gorriarekin koordinatuta lan egiten ari gara eta Eusko Jaurlaritzaren Guztion Artean ekimenean parte hartzen ari gara menpekotasuna duten pertsonen oinarrizko beharrak asetzeko».
Herri gehienetan bakarrik bizi diren adineko pertsonei deitzen ari dira, laguntza behar duten jakiteko. Legazpin eta Urretxun udala ari da horretaz arduratzen, baina Zumarragan Gurutze Gorriko boluntarioak dira dei horiek egiten ari direnak. «Dagoeneko 400 dei inguru egin ditugu. Zein behar dituzten galdetzen diegu eta gure telefono zenbakia ematen diegu».
Erosketak eta zaborra
Laguntza behar dutela esaten dutenei, erosketak egiten dizkiete, zaborra atera… «Erosketak egiteko gutunazal bat erabiltzen dugu. Gutunazal batean uzten dizkigute zerrenda eta dirua. Zaborrari dagokionez, Sasietak utzitako poltsa eta edukiontzi batzuk erabiltzen ditugu. Poltsa etxeko atearen aurrean uzten dugu eta beraien poltsa horren barruan sartzen dute. Ondoren, guk zaborra ateratzen dugu. Zaborra ateratzeko laguntza behar dutenek, deitu diezagutela, ez dezatela zaborra etxean pilatu».
Horretaz gain, Gurutze Gorriaren Donostiako zentro soziosanitarioko sei egoiliar Zumarragako Argixao zentro soziosanitariora eraman dituzte. Izan ere, Donostiako eraikinean koronabirusa duten adinekoak hartuko dituzte. Bestalde, gaixo bat onkologikora eraman dute. «Ez dira egun errazak. Lan asko egiten ari gara. Boluntarioei eskerrak eman nahi dizkiegu. Gainera, koronabirusa dela eta, bost pertsonak Gurutze Gorrian izena eman dute boluntario bezala lan egiteko. Eskertzekoa da».
Herritarren jarrera ere txalotu nahi dute. «Jendea oso ondo ari da portatzen. Gure deiak jasotzen dituzten adinekoen jarrera oso ona da. Ulergarria denez, hitz egiteko gogoa dute. Eskerrak ematen dizkigute eta batzuk berriro deitzeko eskatzen digute».
Urtean zehar Gurutze Gorriak zerbitzu asko eskaintzen ditu. Horietako asko bertan behera gelditu dira. Kirol eta kultur ekitaldietara joateari utzi diote, ekitaldi hauek bertan behera gelditu baitira. Eguneko zentroetako erabiltzaileak beraiek eramaten dituzte, baina zerbitzu hori ere bertan behera gelditu da. Izan ere, eguneko zentroak itxi egin dira. Baina ez dituzte eguneko zentroetako erabiltzaileak ahaztu. «Deitu egiten diegu, zer moduz dauden jakiteko. Gure bazkideei ere deitu behar diegu, beraien laguntza eskertzeko eta gure laguntza behar duten jakiteko».
Gazteak
Gurutze Gorriko gazteak ere lanean ari dira. «Urtean zehar bi astean behin tailerrak egiten dituzte haurrekin. Tailer hauek bertan behera utzi ditugu, noski. Baina lanean jarraitzen dute: haurrekin harremanetan daude eta jolasak eta denbora-pasak bidaltzen dizkiete».
Jendeari orain arte bezala jarraitzeko eskatu diote. Lasaitasuna ez galtzeko. «Gurutze Gorriko nagusiek eta Osakidetzak aipatu digutenaren arabera, honek luze joko du. Aste hau eta hurrengoa gogorrak izango dira».