Kaleetan, langileak eta erosleak
Ordiziarrak zintzo ari dira betetzen etxean geratzeko agindua; Adur Ezenarro alkateak azaldu du egoera «zaila» den arren, erantzuna ona izaten ari dela
Ordiziako kaleak ez dira berdinak goizez eta arratsaldez. Konfinamenduko hamargarren eguna beteta, erosketak egitera ateratzen dira goizetan herritar gehienak. Lana dela eta ahal badute behintzat. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak azaldu du herritarren erantzuna positiboa izaten ari dela: «Pertzeptzioa da herritarrak ondo erantzuten ari direla egoeraren aurrean».
Martxoaren 15an alarma egoera ezarri baino lehen ere, ordiziar askok neurriak hartu zituzten: «Eusko Jaurlaritzak gomendioak eman zituenetik, ixtera behartuta egon aurretik ere, ostalari gehienek larunbatean itxi zuten», nabarmendu du alkateak. Egoerak gizarte osoa harrapatu du ezustean, baina pixkanaka neurrietara egokitzen ari dira herritarrak. Apirilaren 11ra arte, gutxienez, ez baitaukaute beste aukerarik etxean geratzea baino.
Erosketak, goizez
Lan egoeraren araberakoa den arren, asko goizez ateratzen dira erosketak egitera. Joxe harategiko Koro Dorronsororen arabera, ordiziarrak ondo ari dira betetzen agindua. Haiek arratsaldez ixteko erabakia hartu dute: «Akordio batera iritxi ginen hainbaten artean goizean bakarrik irekitzeko», azaldu du. Agertu du jendea etxean geratzeko ere balio duela arratsaldez ixteak: «Edozein aitzakia behar dugu ateratzeko, eta askok goizez egiten dute erosketa».
Eremuka banatzen da egunotan Ordizia. Eta Goierriko gainontzeko herriak ere bai. Farmazien, supermerkatuen edo elikagai denden inguruetan ilarak ikus daitezke, eta erdigunean jendea dabil kalean goizez. Baina erosketa eskuan daramate gehienek. Erosketak egiten ala lanean dabiltza: «Goizetan erosketak egitea ateratzen da jendea kalera; jan behar dugu», esan du Ezenarrok. Gehitu du neurriak errespetatzen direla: «Etengabe gaude mezuak bidaltzen eta inprobisatzen, egoera hau ez zaigulako inoiz tokatu».
Arratsaldetan, berriz, ohikoagoa da jendea balkoietan ikustea. Udaberria iritsi baita, etxetik bakarrik ikusi daitekeen arren.
Farmazietan, ilarak
Farmazietan ere ilarak ohikoak dira egunotan. Laurnaga farmaziko Alejandro Garcia farmazialariak azaldu du egunero eskatzen dituztela erosleek gelak, eskularruak eta maskarillak: «Saltzen diren heinean gehiago eskatzen ditugu». Halere, pertsona bakoitzeko horrelako produktu bakarra saltzen dute.
Bestalde, tratamendu kronikoak dituztenek kantitatea aurreratzeko aukera dutela adierazi du: «Hilabetekoa eta hurrengo hileko kantitatea har dezakete».
Zintzo ari dira betetzen ordiziarrak etxean pasa behar dituzten egunak. Goizetan hainbat herritar ikus daitezke alde batetik bestera erosketekin, edo dendetako ilaretan esperoan, baina lasai dago kalea. Ia hutsik. Irekita dauden enpresen inguruan pilatzen da jende gehien, baina betiere distantzia eta neurriak errespetatuz. Beste asko ere etxetik ateratzen dira prest, maskarillarekin edo eskularruekin.