Urretxuko Ederrenatik, mundu zabalera
'Gipuzkoa Encounter' bihar hasiko da, aurtengoan era birtualean. Mundu guztian egongo dira eta, aldi berean, inon ere ez. Urretxuko Ederrena frontoian egin zuten informatika zaleek lehen topaketa.
Urretxuko Ederrena frontoian elkartu ziren 1994. urtean 36 informatika zale. Horixe izan zen Euskal Herriko lehen topaketa, eta ia Europakoa ere bai. Beste garai batzuk ziren: ordenagailuak elkarbanatu egiten zituzten, oraindik etorkizuneko kontua baitzen bakoitzak ordenagailu txiki bat izatea patrikan. Sarea ere ez zegoen gaur bezain hedatua, eta pentsaezina zen bakoitza bere etxetik elkartzea. Bihar, hamaulagarren Gipuzkoa Encounterrean, hala egingo dute. Topaketa birtuala izango da.
«Encounterra informatika zale boluntarioen lan handiari esker irteten da aurrera, eta ezin genuela bertan behera utzi sentitzen genuen», dio Sabino San Vicente Euskaltel Fundazioko zuzendariak. Urtean zehar bost encounter edo topaketa antolatzen dituzte. Nagusia BECen (Barakaldon) egiten den Euskal Encouterra da, 7.000 lagun baino gehiago elkartzen baitira. Atzerrian ere antolatzen dituzte, esaterako Galizian. «Urteko 365 egunak topaketak antolatzen ibiltzen gara», azaldu du Euskaltel Fundazioko zuzendariak.
«Informatikariak garenez, ezagutzen ditugu internetak distantziatik lan egiteko eskaintzen dituen aukerak. Hori baliatu dugu». Topaketak analogikoa izateari utzi dion arren, egitarauari eutsi egin diote: «Discord eta Twitch aplikazioen bidez, gela birtualak sortu ditugu. Gela hauetara stream.party.eus ataritik sartuko da, eta sarrera librea izango da. Nahi duenak bertan topatuko ditu hitzaldiak, tailerrak, jolasak…».
Erabilera arduratsua
Hala ere, urretxuarrak sarearen «erabilera ardurasua» egiteko eskatu du, nahiz eta internetaren erabateko kolapsoa oso zaila den, jendeak telelana egiteko eta ikasteko behar beharrezkoa duelako. «Gure egitaraua moldatu egin dugu. Esaterako, inagurazioa ostiral goizean egin beharrean ostegun arratsaldean egingo dugu. Lanaldia amaitutakoan internetaren kontsumoa txikiagoa delako», azaldu du San Vicentek. Gainerako ekitaldiak asteburuan izango dira, lanaldiak ez oztopatzeko eta jende gehiagorengana heltzeko.
Euskaltelen datuen arabera, azken egunetan sarearen erabilera %40 hazi da. Izarkomek ere 17 gigabaiteko konexio txartelak eskaintzen ditu ikasleentzat.