Uzta berria nolakoa ote?
Goierriko jatetxeek eta sagardotegiek ateak itxita dituzte koronabirusaren krisiak eraginda. Ostalaritza eta turismoa «oso kaltetua» izango dela diote. Krisiaren inguruan mintzatu dira sektorean jarduten direnak.
Ostalaritza eta turismoa zuzenki kolpatu ditu koronabirusaren krisiak. Astebete baino gehiago da, jatetxeek eta sagardotegiek itxi zutela. Momentuz, datorren apirilaren 11ra arte luzatuko da egoera hori. Osasun krisi bati lotua egoteak, aurrikuspenak zailtzen ditu. Izan ere, osasun krisiari zuzenki lotuta baitago hainbat jarduera ekonomikoren geldialdia.
Apirilaren amaiera arte luzatu ohi da sagardotegietako txotx denboraldia. Aurten, gauzak ez dira ohi bezala izango. Gobernuak alarma egoera iragarri aurretik ixteko erabakia hartu zuten sagardotegiek. Martxoaren 13tik itxita dago Zeraingo Oiharte sagardotegia. Maite Retolaza arduradunak «denboraldia galdutzat» eman du. «Martxoa izan ohi da guretzat hilabete indartsuenetakoa, San Jose zubia, eta gainera sagardo denboraldi bete-betea delako». Garai hontan, «astebururo-astebururo, gogotik egin ohi dugu lan, baina aurtengoa guztiz desberdina izaten ari da».
Sagardotegiaz gain, jatetxe eta nekazalturismo zerbitzuak ere eskaintzen ditu Oihartek. Baina horiek ere itxita daude. «Erreserbak egiteko telefonoa jo eta jo beharko luke, baina erreserbak bertan behera uzteko ari dira deitzen bezeroak».
Zerbitzu horiez gain, botilako sagardoaren salmenta egiten dute, baina «non salduko dugu, guztia itxita badago?».
Udaberria garai ona
Egoera berezi honetan, kezka agertu du baita ere Gabiriako Korta jatetxeko Lontxo Ormazabalek. Neguko baxualdiaren ondoren, udaberriarekin, «lanerako hilabete onak hasi ohi» direla esan du: «Eguraldi hobea, Aste Santua eta jaunartzeak, baina guztia gelditu da. Lanean noiz eta nola hasiko garen da, kezka nagusia».
Izan ere, momentuz alarma egoera datorren apirilaren 11ra arte luzatu dute. Normaltasunera bueltatzen hasteko muga hori izan, edo gehiago luzatu, buelta hori nolakoa izango den kezkatzen du batez ere: «Gertatzen ari denak egoera berri baten aurrean jarriko gaitu, lehena eta geroa guztiz desberdinak izango dira», hala uste du behintzat. Dena den «honetatik ere aterako garela» nabarmendu du, nahiz eta garbi duen, koronabirusak eragindako krisialdiak «ostalaritza eta turismoa bereziki ikututa utziko» dituen.
Begirada atzera bota eta gogoratu du «duela 15 egun inguru, gai honekin bromak egiten genituen, orain begira nola gauden. Ordezkari politikoek ez dakit baina herritarrek behintzat irudikatu ezin genezakeen argazki baten aurrean gaude».
Ostalaritzaren mundua, lanbide hain lotua izanik, positibotik begiratuta, lanerako ez beste gauza batzuetarako denbora du orain Kortako jatetxeko arduradunak: «Baserrian bizi naiz eta alde hortatik ederki nago, bertako lanak egiten, eta familiarentzat ere denbora gehiago dut».
Margari Arruti, Urretxuko Apain jatetxeko eta Ezkioko Topa tabernako arduraduna da. Alarma egoera aktibatu aurreko astean Apain jatetxean «ohi baino askoz ere bazkari gutxiago eman» zituztela kontatu du; badirudi bazetorrenaren abisua zela. Orain, «egoera asimilatzen eta etorriko dena aurrikustea zaila izanda ere, mentalizatzen» ari da.
Langileez egoeraz kezka
Kontratatuta dituen langileen egoerarekin kezkatuta, aldi baterako erregulazioa ezarri du. Kontuan izanik Apain jatetxea itxita dagoen bitartean, diru sarrerarik ez duela izango baina fakturak ordaintzen jarraitu beharko duela. Horregatik, «langileek nolabaiteko diru sarrera izatea ziurtatu» nahi izan du. Arruti bera autonomo izanda, «gu nork babesten gaitu?» galdetzen du.
Egoera «beltz» ikusten du, batez ere, «hau guztia noiz arte luzatuko den asmatzea oso zaila delako eta ondoren, jendea kartera astintzeko prest ez dela egongo ez» uste duelako.
Topa ostatuari dagokionez «denda txiki bat dugu eta lanean ari gara, behar-beharrezko produktuak saltzeko».