Etenik ez garraiogintzan eta gasolindegietan
Gasolindegietan lanean jarraitzen dute, baina denda eta komun zerbitzua garraiolarientzako bakarrik eskaintzen dute. Kamioien tailerrak ere irekita daude, baina plantilla murriztuta ari dira batzuk
Mugimendu murrizketa eragin duen alarma egoera dela eta, hainbat arlotan jarduera eten dute. Garraio eta gasolindegien sektoreetan, aldiz, lanean jarraitzen dute. Garraiogintza egunotan oinarrizko baliabidea da beharrezko lehengaiak edo produktuak alde batetik bestera eramateko.
Gasolindegiei dagokienez, legez, behintzat, irekitzeko baimena dute; Ataungo Zubikoetan irekitzeko erabakia hartu dute: «Jendeak kalean ibiltzerik ez dauka, eta guk ixten badugu urrutirago joan beharko dute», azaldu du Juan Mari Galparsoro Zubikoetako arduradunak. Dena dela, lan karga murritzagoa da, eta depositoa betetzeko zerbitzua bakarrik eskaintzen dute: «Denda eta komunak garraiolariren bat badator bakarrik irekitzen ditugu, haientzako», adierazi du Galparsorok.
Koronabirusaren hedapenaren aurkako neurriek petroleoan ere eragina izan dute, Galparsorok azaldu bezala: «Petroleoak behera egin du eta, ondorioz, gasolinaren prezioek ere bai».
Garraiolariak errepidean
Garraiolariak lanean ari direnez, kamioi eta garraio handientzako tailerrak ere irekita daude. Hala ere, Olaberriako Volvo Irizar tailerrean lan gutxiago nabari dute.
Elixabete Irizarrek azaldutakoaren arabera, bezero enpresaren egoeraren araberakoa da: «Bezero batzuek kamioia geldi dute, adibidez, Iruñako Mercedesen lan egiten duen batek, edo Irizar eta Sunsundeguik itxi egin dute, baina hozkailuak dituztenak eta lehengaiak edo gasolina garraiatzen dituztenak lanean dabiltza», azpimarratu du. Egoera horretan, kamioiak konpontzeko tailerrak beharrezkoak dira: «Eroski edo beste supermerkatu bateko merkantzia kamioi bat hondatzen bada, hemen egon behar dugu».
Irikita egon arren, Irizarrek azaldu du neurriak hartu dituztela enpresan segurtasuna bermatze aldera: «Lan talde erdia gaude lanean, baina irekita egon behar dugu badaezpada ere». Premiazkoak diren jarduerek jarraitzen dute abian koronabirusaren garaian, eta kamioilariak ezinbestekoak dira lehengaien hornidura bermatzeko.
Hornidura tailerretan
Lanerako edo premiazko beharretarako bakarrik atera daiteke kalera. Hainbatek lanerako edo erosketak egiteko autoa erabiltzen dute, baina tailerretan jarduerak behera egin du nabarmen. Olaberriako Arandia tailerrak irekita jarraitzen du: «Gu lanean ari gara normal, baina jendea ez da mugitzen eta orduan oso lan gutxi daukagu», azaldu du Asier Lasa arduradunak.
Horniketarekin ari dira zailtasunak izaten, hornitzaile batzuek ixtea erabaki dutelako: «Konzesionario eta denda ofizialak itxita daude, eta ez dituzte piezak ekartzen». Garraiolariak lanean dabiltzanez, gauza asko kanpotik ekartzen dituzte: «Orain arte inguruko dendekin aritzen ginen».
Badago ixtea erabaki duen tailerrik ere. Beasaingo Autowag-ek autoak saltzen ditu, baina konponketak ere egiten dituzte: «Itxita daukagu dena astelehenetik, salmentak legez itxi behar ditugu, eta tailerra ere itxi dugu; azken finean, jendea ezin da etxetik mugitu», esan du Igor Aranburu Autowag-eko komertzialak. Eta ezingo dira etxetik atera apirilaren 11ra arte.
Beraz, Goierriko gasolindegietako eta tailerretako langile batzuek lanean jarraituko dute, eta baita kamioilariek ere. Beharrezkoak diren lehengai horien hornidura ez dadin moteldu edo gelditu.