Eusko Jaurlaritzak 841 milioi bideratuko ditu
Eusko Jaurlaritzak 841 milioi bideratuko ditu COVID-19 koronabirusa herritarren osasunean, osasun sisteman eta ekonomian uzten ari den arrastoa lausotzera. Diru horren parterik handiena COVID-19 programara joango da: enpresa txikiei eta ertainei eta autonomoei laguntzera.
Urkulluk agerraldia egin zuen, gobernu kontseiluan hartutako erabakien berri emateko. Azaldu zuenez, hiru lehentasun ezarri dituzte: «Osasun sistemaren gaitasuna bermatzea, beharrizanik handienak dituzten kolektiboak babestea eta ehun ekonomiko eta produktiboari laguntzea».
Kopuruaren erdia baino gehiago enpresak laguntzera bideratuta, «koma ekonomikoa» saihestu nahi du Urkulluk. Horregatik, «baldintza hauetan», langileen osasunarekin «bateragarriak» diren jarduera ekonomikoetan jarraitu beharra dagoela uste du, «oso nekeza» litzatekeelako lantegiak «hutsetik» zabaltzea.
Koronabirusaren eraginak eta haren ondorio ekonomikoek sektore askori erasango die datozen aste eta hilabeteetan. Enpresa askotan enplegua aldi baterako erregulatzeko txostenak aurkeztu dituzte eta horrek etxebizitza ordaintzeko zailtasunak ekarriko dizkie herritar askori. Urkulluk jakinarazi zuen babes ofizialeko etxeetan alokairuan daudenek eta langabezian geratu direnek ez dituztela ordaindu beharko apirileko eta maiatzeko alokairua eta komunitate gastua.
Familiei laguntzak
Familiei emandako beste laguntza batzuen artean, jaurlaritzak jantokietako bekei eutsiko die, haur eskoletako fakturazioa etengo du eta gizarte larrialdiko laguntzak handituko ditu. Atal horretarako, 54 milioi euro jarriko ditu.
Bestalde, 200 milioi euro osasun sistema indartzeko erabiliko dira: materiala erosteko, telefono bidezko arreta indartzeko eta kutsatuak artatzeko gune berriak zabaltzeko.
Funtserako dirua nondik aterako den galdetuta, lehendakariak azaldu zuen iazko etekinak erabiliko dituztela eta Eusko Jaurlaritzak zorpetzeko gaitasuna duela. 2020ko aurrekontuak egokitu egin daitezkeela ere aipatu zuen.