Gure ekoizleen produktuak frontoian salgai
Ilaran distantzia errespetatuz, bezero finak ireki aurretik zain izan dira Ordizian, hemengo barazki eta behi esne produktuak erosteko.
J oan zen asteko saltzaile berak ziren atzo ere, bederatzi ekoizleen produktuak zortzi postutan. Izan ere, Zeraingo Iñaki Intxaustik (barazki biologikoak) eta Mutiloako Beñat Telleriak (behi gazta) biek bat egin behar izan dute, antolatzaileek hala eskatuta, tokia mugatua delako barne horretan. Orokorrean nahikoa gustura berriz ere salmentekin.
Plaza plaza dela eta, hemen jende gutxixeago ibili dela zen Arantxa Zurutuzaren iritzia. Patxi Arizmendik berriz bezeroekiko lotura azpimarratzen zuen: «Azoka ez da negozioa bakarrik, gure barazkiak betiko bezeroei iristea ere bada helburua, etxera etortzen dira batzuk bai, baina bidean ibiltzeko beldurra dauka jendeak».
Irekitzerako ilaran
Erosleekiko leialtasunaren lekukotza 08:45erako ageri zen, zain lehen erosleak 09:00etan irekitzekoa bazen ere. Orduak aurrera ilara luzatzen, errespetatu beharreko distantzia tarteko are eta luzeago zena. Eguraldi ona lagun, patxadaz hantxe zain, eskuak sartzean prestatutako bi harrasketako batean garbitu, eskularruak jantzi eta barnera distantzia markatuz beti ere, deskuidoz errespetatu ezean laster zaintzaileren baten oharra.
Produktu berririk ez, azkenik ekarritakoen artean ilarra nabarmen 12 euroan kiloa Arizmendiren postuan. Ekarri ere genero gutxixeago ekartzen dute denek ere, egoera berri honetan ohiko salmenta kopurura iristea zaila dela badakitelako.
Eskertuak
Daudenak hor daude eta oso eskertuak gainera, Patxi Arizmendi «Zumarragan bertan behera utzi zuten beste inolako azalpenik gabe, Beasainen Udalak dena erosi zuen harrera etxeetarako. Produktua galtzen uztea baina hobe da bai, baina feria da guk nahi duguna zuzeneko harreman hau eta bezeroek gurekiko duten lotura hori mantendu eta nahi dituzten produktuak eskaintzen segi». Ez daudenez ere jardungo gara datorren astean, asko baitira.
Adur Ezenarro alkateak dion bezala «hau ezta gure azoka». Bere txikian hala ere, bertan behera uztea litzateke okerrena.