Legazpin plaza birtuala dute
'Legazpinsortzencovidea.eus' ataria sortu dute, legazpiarren bilgunea izan dadin. Herritarrek sorkuntza bideoak konpartitu ditzakete: abestiak, dantzak, ipuinak...
Berrogeialdi bete-betean, herriko plazak hutsik geratu dira. Kaleetan ia ez dago bizi arrastorik, dena lau paretetara mugatu baita. Legazpiarrek plaza sarera eraman dute legazpinsortzecovidea.eus atariarekin: «Konfinamendu garairako Legazpiko herritarrentzako plaza da», laburbildu du Joxe Arizkorreta sortzaileetako batek. «Testuinguru honetan etxean egiten ari garen ekintzak erakusteko eta ikusteko plataforma bat da», gaineratu du.
Webgunean herritarren sorkuntza lanak bideo formatuan denen eskura eskegitzeko aukera eskaintzen du. Zazpi piezako bilduma osatu dute oraingoz: Asier Iriondoren Kukurruku mikroipuina, Xegun Altolagirreren Aigor, Patxiren gelakidea kontakizuna, Mari Romeroren Izpiak jaurtitzen zituen munstroa eleberria; herriko dantzarien eta txistularien eskutik Gipuzkoako ereserkia; eta, Mikele Arizkorretaren Etxeko balkoitik, Joxe Arizkorretaren Iritsiko da udara eta Iñaki Gurrutxagaren La Corona abestiak.
Legazpiarren laguntzarekin puzten joango direla dio Arizkorretak. Abestiak, ipuin kontaketak, dantzak… topatu daitezke, baina emaria librea da. «Sorkuntza lanetarako pentsatuta dago: abestiak, bertsoak, sukaldeko errezetak… baina proposamen berriak ongi etorriak izango dira», azaldu du. «Etxean egiteko erronkak oso modan jarri dira sare sozialetan. Horiek ere bidali daitezke, esaterako». Arizkorretak kultur eragile eta norbanakoei parte hartzeko deia luzatu die. «Jakitun gara legazpiar asko euren sorkuntza lanak egiten ari direla. Ederra da herria bizirik dagoela sentitzea egoera zaila izan arren. Sortutako guzti horri bidea eman nahi diogu, eta herritarren albokoaren lanarekin gozatu dezatela».
Legazpinsortzencovidea@gmail.com helbide elektronikora bidali behar dituzte euren lanak. Materiala Wetransfer bidez bidali behar da.