Ongizatea erdigunean jarri dute
Herritarren ongizatea bermatzeko helburuarekin psikologo zerbitzua, boluntario taldea eta dirulaguntzak abiarazi ditu, besteak beste, Legorretako Udalak.
Alarma egoeraren aurrean, antolatu eta hainbat ekimen bideratu dituzte legorretarrek. Bai udala eta bai bizilagunak, konfinamendua errazte aldera, lanean dihartute. Zelai Amenabarro Legorretako alkateak esan du, «egun oso intentsoak eta lan handikoak» izaten ari direla. Alarma egoera ezarri aurreko egunak «zein abisu etorriko ote zen zain» igaro zituztela, eta «pixkanaka-pixkanaka, egunez egun neurri gehiago hartzen» joan direla dio. «Jubilatuentzako ekintza guztiak bertan behera uztea» izan zen aurreneko lana , «adineko pertsonak direlako arrisku taldekoak». Udal ekintza guztiak bertan behera utzi zituzten ondoren.
Alarma egoera eman eta konfinamendua ezarri zutenean jabetu ziren «zer nolako arazoak ekar zitzakeen honek». Batik bat, «lehendik ere ahulak diren herritar horiei, kolpe handiagoa emango diela pentsatuz», udalak erantzukizun ariketa eginez «herritarren zailtasunei aurre egiten laguntzeko, pausoak eman» ditu.
Ekimen ugari
Lehenik eta behin, «boluntario sarea osatzeko deia» egin zuen udalak. «15 pertsona ari» dira. Helburu nagusia «bakarrik bizi diren adinekoei erosketak etxera eramatea» da. Behar hori izan zezaketen herritarren zerrenda osatu eta banaka-banaka deitu diete.
Gizarte langilearen laguntza behar izan dezaketen herritar guztiek 688 829 013 telefonora dei dezakete. Hala eta guztiz ere, gizarte langilea bera, behar gehien izan dezaketen herritarrei etxera deitzen ari da, nolabaiteko laguntza behar duten detektatzeko. Gainera, «80 urtetik gorako herritar guztiei deituko» die udalaren ekimenez, «zer moduz dauden eta laguntzerik behar duten galdetzeko».
Bestalde, haurrekin eta nerabeekin etxean konfinatuta egoteak zailtasunak ekar ditzakeelakoan, «gurasoei aholkularitza emateko eta tratu onak bultzatzeko zerbitzua martxan jarri» du udalak. Olatz Berasategi psikologoaren telefonoa herritarren eskura egongo da «aholkuak eskatu, zalantzak argitu, tentsio momentuei aurre egiteko estrategiak lortu eta bestelako beharrak dituzten gurasoentzat».
Europako janari banaketa bertan behera gelditu denez, udalak bere gain hartu du ardura. Ongizate lan taldeak, boluntarioen laguntzarekin, erosketak herrian egin eta ondoren banaketa egingo dute. 10 familiek jasoko dute janaria.
Bestalde, adinekoei zuzendutako memoria tailerrak bertan behera gelditu direnez, «astean bitan begirale batek telefonoz deituko die etxera, eta egin beharreko ariketak esango dizkie». Zaintza lanetan aritzen direnentzat ikastaroekin ere, irtenbide bat eman nahian, «telefonoz jardungo dute».
Gainera, Amenabarrok esan du dirulaguntzak emango dituztela, batetik «haur edo pertsona helduak zaintzeko pertsona bat kontratatu behar dutenei», bestetik «eskolan otordua egiten zuten haurren otordu hori bermatzeko», eta baita «arrakala digitala jasaten ari direnentzat ere». Hirugarren talde horretan, eta kontutan izanda egunotan ikasleak etxetik ari direla, ikasle horiek guztiek eskola jarduerarekin jarraitu ahal izateko, Internetera sarbidea bermatu nahi die udalak. Eskaera egin ahal izateko baldintzak zehazten ari dira.
Herritarrak onena ematen
Azkenik, konfinamendua atseginago egite aldera, legorretarrak izaten ari diren jarrera goraipatu du Amenabarrok: «Herritarrak onena ematen eta sekulako lana egiten ari dira egunotan». Whatsapp taldeen bidez antolatu eta bertso saioa, ipuin kontaketa eta beste hainbat ekintza egiten ari dira. Hori guztia www.legorreta.eus webgunean jaso nahi du udalak.