Ziklistak ere bizitzaren mendatean
Egutegian ez zetorren aldapa gogor batekin topo egin dute txirrindulari profesionalek. Etena, etxeratzea, hanka lurreratu beharra. Helburu pertsonalez gaindi, egoera orokorra dute kezka.
Hemen inor ez dabil kalean. Etxe zuloan sartuta gaude. Ezin dugu irten, isuna daukagu bestela guk ere». Euskal Herriko edozein lekutako egoera deskribatu du Ion Izagirrek ere (Ormaiztegi, 1989), atzo arratsaldean, Aguraingo bere etxetik. Koronabirusaren itxialdiak eliteko kirolari profesionalei ere jarduna etenarazi die.
Gorka Izagirre (Ormaiztegi, 1987) anaiarekin telefonoz eta tarteka baizik ez du hitz egiten. Errepidean elkartzea, pentsatu ere ez puska batean.
Garajean ahizparekin arrabolan bizikletan ateratako argazkia bidali du Ana Usabiagak (Ordizia, 1990). Konfinamendua arintzeko eta elkarri animoa emateko, Irene Usabiaga (Ordizia, 1993) ahizpa ere txirrindulari izatearen abantaila da hori.
Lazkaon, etxeko egongelan pedalka grabatu du bideo-mezua Garikoitz Bravok (Lazkao, 1989). Ikasten ari direnei denbora aprobetxatzeko aholkatu die. «Irtengo gara hemendik ere».
Baina gauza bat garbi dago: egoera hauetan, badira kirol profesionala baino aurreragoko lanak eta kezkak. «Gurea bigarren mailakoa da», dio Ion Izagirrek.
Usabiagatarrak, lanean
Itxialdia baino lehen, Tokioko Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu zen Ana Usabiaga, pistako omnium txirrindularitzan. «Berlingo Munduko Txapelketan itxi zen zein joango den eta zein ez. Ni kanpoan geratu naiz, oso-oso gutxigatik», dio ahizpa zaharrenak. Irene bere ordezko dagoenez, hark ere ezingo du.
Jokoak 2021era atzeratu izanak berari ez diola eragingo ziurtatu du Ana Usabiagak. Erreserban dago, hala ere. «Karanbola handia beharko litzateke. Ondo iruditzen zait atzeratzea, baina data jartzea oso goiz da oraindik, ez dakigulako zer bilakera izango duen egoera honek, ez osasun aldetik, ez ekonomia aldetik».
Ziurtasunak baino zalantzak gehiago daude, gaur-gaurkoz. Etorkizuna belzten ari da, ordea; baita profesionalentzat ere: «Ez dakigu oraindik Federazioek zer diru edukiko duten kirolariak lehiatzera bidaltzen jarraitzeko. Beka sistemak nola gelditzen diren ikusiko dugu; nahiz eta erakunde publikoetatik etorri, ADO eta beste diru batzuk enpresa pribatuetatik datozelako. Ikusi beharko da enpresak eta beste dena nola geratzen diren», aurreratu du Ana Usabiagak.
Karanbola handia behar badu ere Tokiorako, munduan ziur usteko gauza asko alda daiteke denbora gutxian,ikusi denez. «Nahiz eta kanpoan nagoen, entrenatzen jarraituko dugu, jakin gabe zertarako ari garen».
Egunean hiru saio egiten dituzte Usabiaga ahizpek, etxean: «Gosaldu aurretik, ordu erdi batekoa. Bigarren saioa bazkaldu baino lehen, ordu eta erdi arrabolan. Arratsaldeko saioa gimnasioa da: core-a lantzen dut, gerriko giharreak indartzeko, pisu txikiekin banabil… Indarra ahalik eta gutxiena galtzen saiatzea da kontua orain, baina jakinda egoera fisikoa galduko dugula».
Hankak bai, burua ez
Ion Izagirrek arrabola «goiz eta arratsalde» eginez jarraitzen du hanken sasoi-puntuari eusten. Baina burua bizikletatik urruti du: «Entrenamendua ezin zaio esan honi. Helburu garbirik ez dagoenean, ez da erraza honi eusten. Ez egutegirik, ez karrera finkorik… Lasai hartzea komenigarriagoa da. Gertura begira, ez da ikusten karrerarik, eta bi hilabete barrurako prestatzeak ez dauka zentzurik».
Nazioartea nola dagoen ikusita, kezkati da. «Orain burua ez daukagu bizikletan. Telebista piztu eta denak albiste tristeak dira: ospitaleak gainezka, heriotzak, infektatuak goraka… Animoak behera egiten du. Gu ezin gara gure zilborrari begira egon, mundua horrela dagoenean».