Lasaitasuna bai, baina ezohikoa
Etxealdia ederki betetzen ari dira itsasondoarrak. Behar gehien duenari laguntzeko, boluntario taldea lanean ari da. Herritarren esperientziak jasotzeko deia egin dute.
Asteko egun normal batean ez da zalaparta handirik izaten Itsasondon. Alarma egoera ezarri zenetik ere, kalean mugimendu gutxi, baina desberdin. Soilik, behar-beharrezko dena egitera ateratzen dira etxetik bizilagunak. Goierriko gainontzeko herrietan bezala, ederki ari dira etxealdia betetzen.
Iñaki Aizpuru alkateak, udalak azken asteetan abiarazitako ekimenen berri eman du: «Inguruko herrietan bezala, hasiera-hasieratik, herritarren beharrei erantzuteko boluntario taldea sortu zen, 15-20 pertsona ari dira laguntzen». Lehenengo egunetan, alarma egoerak zer suposatuko zuen, kezka sortu zuen herritarrengan, eta hala jakinarazi zioten udalari. Hori horrela, lanean jarri, eta «70 urtetik gorako herritarrei deitu» zieten, «zer moduz eta zerbait behar ote duten galdetzeko». Etxe bakoitzean, errealitatea bat da, eta beharrak ere, bakoitzak bereak ditu: «Batzuk seme-alabekin bizi dira, baina badaude bakarrik bizi direnak, eta laguntza behar izan zezaketenak gainera, horiei erantzun bat ematen ari gara». Boluntarioek, «erosketak egiten dituzte, Lurdesen dendan eta botikan, eta ondoren, etxera gerturatzen dizkiete eskatu diztuzten gauzak».
Zerbitzu berezia eskaini diote baita ere, «berrogeialdia betetzen ari diren herritarrei». Kasu horretan, «aguazilak hondakinak biltzen dizkie, protokoloak ezartzen dituen neurri guztiak oso kontutan hartuta, beti ere».
Eskolan bazkaltzen zuten hainbat haurren otorduak ere bere gain hartu ditu udalak. «Haien egoera aztertu ondoren, erabaki hori hartu zen eta etxera eramaten zaie janaria».
Beharrezkoa, herrian
Herri txikia bai, baina denetik du Itsasondok. Erdi-erdian, Lurdesen denda. Etxean behar-beharrezko den guztia eros daiteke bertan. Herri handiagoetan ere aurki daitezke halakoak, baina geroz eta zailagoa da, supermerkatu handiak janda, galtzen ari baitira. Etxerako gauzak bakarrik ez, bertan erosten dira Itsasondoko festetako bazkari txartelak eta kontzertuetarako sarrerak, besteak beste. Herrian antolatutako ekintzetan parte hartzeko izena emateak ere, hantxe egin ohi dira. Zerbitzu integrala eskaintzen du.
Egunotan, horrelakoetarako ez, baina herritarrentzat nolabaiteko elkargune izaten jarraitzen du. Lurdes Aranburu dendaria, eskularruak eta maskara jantzita dago, «bezeroen osasunagatik».Kontatzen du «lehenengo egunetan jendea urduriago» nabari zuela. Baina, ikusi dute «ez dela produkturik falta» eta azken egunetan, «lasaitasun handiagoz erosten» dute.
Lurdes lanean utzi eta denda kanpoan dago Rosario Nogera, Rosi bezala ezagunagoa, Kaxintaneko tabernaria. Azken egunetan egiten ari den eguraldiarekin, arratsaldeetan terraza betea izango zuen, seguru. Baina pertsiana jaitsita du, alarma egoera ezarri aurretik. Taberna ixtearekin «ados» dago, « guztion osasuna jokoan dagoelako». Baina kezka ere agertu du, haren eta lankidearen diru iturria baita. Albisteak jarraitzen ditu eta autonomoek laguntzak izango dituztela jakin badaki, hala ere «eskasak» direla deritzo. Bestalde, udalarekin «oso eskertuta» dagoela nabarmendu du, eskaini dioten «laguntza eta erraztasun guztiengatik».
Beheko kale ingurura begiratu eta Maria Kristina Arrastoa botika zabalik dago. Alarma egoera ezarri zen lehen egun haietako «bezeroen urduritasuna» gogoratu du: «Jendea botikak faltako ote ziren beldur zen, baina lasai egon daitezke». Gainera, «beharra dutenei, boluntarioek etxera eramaten diete guztia».
Etxealdia, aldizkarian
Herriko aldizkariaren hurrengo alean, herritarrek etxealdia nola igarotzen ari diren jaso nahi dute. Horretarako, galdera labur batzuk erantzuteko gonbita luzatu diete. Apirilaren 19ra arte parte har daiteke. Informazio guztia, itsasondo2.0@itsasondo.eus epostara idatzita eta udalaren webgunean.