Eskuak berotzen hasiak dira
Goierriko fisioterapeutak lanera itzuliko dira astelehenetik aurrera hilabete baino gehiago geldirik egon ostean. Bezeroentzako eta langileentzako segurtasun neurriak egongo dira.
Fisioterapeutak lanera itzuliko dira astelehenean segurtasun neurri zorrotzekin. Hilabete baino gehiago daramate geldi, martxoaren 14tik zehazki, eta eskuak hoztu egin zaizkie. Bezeroak artatzen hasi ahal izateko asteburua dute aurretik berotu, kontsultak egokitu eta hartu beharreko segurtasun neurriak bermatzeko. «Aldez aurretik telefonoz eskatu behar da hitzordua pilaketarik ez dadin egon», abisatu du Olatz Aranburu Akiles fisioterapia zentroko arduradunak. «Segurtasun neurriak bi zentzutan joango dira: bezeroak, alde batetik, musukoarekin etorri beharko dira eta eskuak desinfektatu beharko dituzte iristean. Langileok, beste aldetik, musukoa, eskularruak, babesgarriak… eraman beharko ditugu eta bezero batetik bestera dena ongi baino hobeto garbitu beharko dugu», zehaztu du Ainitze Jauregi Oreka klinikako arduradunak.
Norbera babesteko ekipamenduak, gutxika-gutxika bada ere, hasi zaizkie iristen. «Fisioterapeuten Euskadiko Elkargoaren bidez iristen zaizkigu NBEak. Tantaka iristen dira, baina hasteko lain izango dugu», dio Oihane Unanue Unanue fisioterapia zentroko arduradunak. Hirurek uste dute ekipamenduak ez direla traba izango lanerako. «Berdin-berdina ez da izango baina beste erremediorik ez dago. Eskularruekin lan egin dut nik eta posible da», azpimarratu du Jauregik.
Fisioterapeutek uste dute itxialdiak eragindako arazoak sendatzeko euren eskuetan jarri beharko dutela askok. «Egun hauetan oso-oso gutxi ari gara mugitzen eta, ondorioz, gorputza gogortu egiten da. Bereziki, adineko jendearengan», aipatu du Aranburuk. 40 egun geldi egon ostean kolpean ariketa egiten hastea ere arriskutsua izan daiteke. «Lasai hasi behar da», ohartarazi du Unanuek. «Nire kezka da ea jendea ez den beldurtuko nahiz eta min izan. Bata besteangandik gertu egoten gara eta kontaktua zuzena da eta, baliteke, jendeari ausartzea kostatzea», gaineratu du. Halere, argi utzi nahi dute segurtasun neurriekin inolako arriskurik ez dela egongo.
Ateak itxita ez dute diru sarrerarik izan. «Gastuak, ordea, mantentzen dira eta laguntzak oso mugatuak izan dira», salatu du Jauregik. Egiari zor, osasun arloko langileak izanda larrialdietan lan egiteko aukera uzten zien legediak, baina fisioterapeuten elkargoak zerbitzurik ez ematea erabaki zuen. «Protokoloa oso zorrotza zen eta ezin genuen hori bete», diote hirurek. NBEak ez zituzten eskura eta ez zegoen argi larrialdiak zeintzuk ziren. «Arauak zioen tratatu ezean okerrera egingo zuten kasuak artatu genitzakeela, baina horiek ia kasu guztiak dira. Lehen egunetan egin nuen saio bat bezero baten etxean baina utzi egin genuen», oroitu da Aranburu. «Ez nuke informazio falta izan denik esango, baina egia da ezer garbirik ez digutela esan. Inork ez daki zer gertatuko den bihar eta guk ere egunez egun joan behar izan dugu», amaitu du Unanuek.