Ez ohiko egoeran, lasaitasunez
Ostatua itxita, are eta lasaiago daude Mutiloako kaleak. Hiru positibo kasu atzeman dituzte herrian. Laguntza taldea dagoen arren, ez dute eskaerarik jaso.
Herri txikia eta lasaia da Mutiloa. Alarma Egoera ezarrita dagoenaren seinale bakarra Ostatua da. Itxita dago, baina terraza jarrita dago oraindik ere. Txakur bat dabil plazan bueltaka. Ostatuko Iñaki Telleria lanean dabil furgonetarekin joan etorrian: «Etxez etxeko eskaintza egiten ari gara Goierri osoan».
Ostatuan dituzten lau gelak eta jatetxea irekitzeko aukerarik ez dutenez konfinamenduagatik, zerbitzu hori ematen dute: «Oso harrera ona izan dugu, jendeak eskatzen du». Bertako produktuak erabiltzen saiatzen dira elaborazioetan: «Filosofia berdinarekin gabiltza nahiz eta orain etxez etxe eramaten dugun».
Azkeneko dekretuaren arabera, maiatzaren 11tik aurrera ostalaritzak irekitzeko aukera izango du. Baina terrazak dituztenek soilik izango dute baimena. Mutiloako Ostatuak terraza handia du, baina bezeroak behar dituzte jatetxea martxan jartzeko: «Gure kasuan arazoa da Mutiloan gaudela, eta Mutiloan ez garenez asko, kanpoko jendea etortzea behar dugu irekitzeko».
Etorkizunari begira, Telleriak nahiago du ez pentsatu: «Oraindik ez dakigu zer gertatuko den eta hobeto da ez pentsatzea, egun batetik bestera zerbait gertatzen da eta».
Udalean, atea itxita
Udaletxeko atea itxita dago, baina lanean daude herritarren zalantzak jasotzeko. Haur eskola, frontoia eta jolas lekuak itxita daude, gainontzeko herrietan bezala. Iñaki Ugalde alkateak azaldutakoaren arabera, Eudelek bidalitako maskarak jaso dituzte, baina ez dituzte banatu oraingoz, Eusko Jaurlaritzak akatsdunak direla jakinarazi duelako.
Bestalde, alkateak azaldu du erosketak egiteko, zaborra botatzeko, botikak erosteko edo beste behar batzuetarako laguntza taldea sortu dutela udalean, baina ez dutela erabili: «Herri mailan zabaldu genuen, baina ez da eskaerarik etorri». Hiru koronabirus kasu positibo atzeman dituzte Mutiloan.
Salmenta puntu berriak
Behi gazta ekologikoa eta txekor haragia ekoitzi eta saltzen du Beñat Telleriak. Ordiziako Azoka da haren salmenta puntu finkoa, eta egunotan banaketa zabaldu du: «Orain harategi eta denda txikietan ere hasi naiz saltzen egoera dela eta». Etxez etxe ere saltzen ditu bere produktuak: «Lehen etxera etortzen ziren bezeroak ez dira etortzen ezin dutelako, eta etxez etxe aritzen naiz». Azaldu du salmentak asko jaitsi direla, batez ere gaztari dagokionean: «Haragia etxez etxe lehen ere egiten nuenez, ez dut hainbeste nabaritu».